Zuzendaritzak «arduraz jokatzea» eta gaur bilerara agertzea espero du Itsasondoko Jaso enpresako langile batzordeak. Greba partzial mugagabean 38 egun egin dituzte
Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek, «nagusiaren eta zuzendaritzaren jarrera inmobilista eta onartezina ikusirik, Itsasondoko lantegiaren barruan saiakera guztiak egin ondoren eta jabeturik egoera desblokeatzea ezinezkoa dela», Precora jo dute, horrek bitartekaritza lanak egiteko. Bilera, gaur ostirala, Donostiako Javier Barkaiztegi kaleko 19 zenbakian izango da goizeko 10:00etan.
Jaso enpresatik kanpo eta horrelako konfliktoetan aditua den erakunde horrek, proposamen bat egin eta egoera desblokeatzen saiatuko da, gaur Donostian egingo duten bileran. Langile batzordeak «zuzendaritzak arduraz jokatzea eta bilerara agertzea» espero duela adierazi du, horrela «behingoz egoera sostengaezin hau desblokeatzeko» eta Itsasondoko Jaso Industrial «oraindik eta arrisku handiagoan ez jartzeko».
38 egun greban
Itsasondoko Jaso enpresako langileek asteazkenean bi hilabete bete zituzten greba mugagabe partzialean. Greban 38 egun daramatzate eta asteazkenean 7. manifestazioa egin zuten Ordiziako azokan. Langile batzor-deak adierazitakoaren arabera «2015 amaieratik hitzarmenik ez eta negoziaketa hasi genuenetik 15 hilabete pasa dira eta oraindik ez dago akordiorik».
Langile batzordeak garbi utzi nahi izan du Itsasondoko Jasoko gatazka ez dela «arazo ekonomikoa, baldintza sozialena baizik». Jasoko langileen artean ezberdintasun sozial handiak daude» eta langile batzordearen helburua «hitzarmenez hitzarmen, ezberdintasun horiek murrizten joatea» dela nabarmendu dute. Urte batzuetan, Jaso «enpresa justu eta demokratiko bat izatea» nahi dutela gehitu dute.
Hitzarmenean, momentu honetan, bi puntuk dute negoziaketa blokeatua: nominaren homogeneizazioak eta gaixotasun n bajek. Langile batzordeak, «enpresaren jarrera inmobilista eta zentzugabea ikusirik», aurreko astean «mugimendu garrantzitsu bat egitea» erabaki zuen, «egoera blokeatzen duten bi puntuetako bat alboratzea, hurrengo hitzarmenerako utziz, eta bestea lortzea».
Zuzendaritzaren erantzuna «lotsagarria» izan dela diote langileek, «bere planteamendutik mugitu ez delako». Horretaz gain, «nagusiak hasieratik bere hitza emana zuen hitzarmenak lan erreformarekiko blindajea izango zuela, eta azken proposamenean bere hitza jan eta puntua» baztertu duela salatu du Itsasondoko Jaso Industrialeko langile batzordeak.
Zer da Preco?
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikal eta enpresadunen elkarte garrantzitsuenek lan gatazkak konpontzeko sortutako borondatezko prozeduren sistema da Preco. Era guztietako lan gatazketan aplikatzen da eta gatazkak alderdien ahalik eta parte hartze handienarekin konpontzea du helburu. Adiskidetzea da erabiltzen duen prozedura, hau da, adiskidetzaile batek alderdiei laguntzen die.