Santa Ageda bezperako kantu-eskeak bihar egingo dituzte, Goierriko herri askotan. Larunbata izaki, egun osoa hartuko dute batzuek, eta ohi baino toki gehiagotan aterako dira abeslari taldeak. Naturari dei egingo diote.
Eduki ere, kristautasunaren aurreko osagai paganoak baitauzka Santa Ageda bezperan kantuan ibil- tzeak. Inauterien izaera berbera ematen diote etnografo batzuek —hartzaren esnaera eta puska biltze eskeak orduan—: natura lozorrotik irteteko hots egin, eta negu gorria bukatzera doala ospatzeko unea da.
Kolore beltzaren mitologia da Santa Ageda bezperaren beste ezaugarri bat. Kapusai edo mantilla beltzak soinean direla ibiliko dira kantariak. Eliza kristauak beltza madarikatu izan du: heriotzaren, lutoaren sinbolo gisa hartzen du. Edo ardi beltzari gaur egozten zaion madarikazioa, kasu. Pirinioetako artzain zaharrek, ordea, dohain magikoak egozten zizkieten ardi beltzei —martak deituak—, tximistak aldentzeko gaitasuna, adibidez.
Euskal mitologian bestelako esanahia du kolore beltzak. Antzina, beltzak lur-beltz emankorra iradokitzen zuen euskaldunentzat: hezetasuna, eta ondorioz, bizitza. Heriotzaren kolorea, lehen, zuria zen: hezurrena, hilotzen zurbilarena.
Beraz, makilekin erritmikoki lurra kolpatuz, bizitzaren ordezkari diren kantari beltzek natura esnatuko dute, udaberriaren etorrera ospatzearekin batera.
Eskean ibiltzeko ohitura
Zentzu etnologikoez gain, helburu lurtarragoa izan ohi du Santa Ageda bezperak: eskea. Etxerik etxe, kantu-taldeek dirua, jatekoa edo gozokiren batzuk bilduko dituzte, ohiturari segiz. Urtean zehar, larriak eskean ibiltzea gaizki ikusita ez dagoen okasio apurretakoa da.
Ezkiotarrek, adibidez, dirurik ez dutela jasoko aurreratu dute. Oraindik, herri txikietan batez ere, baserrietan arrautzak, txorizoak edo gaztak ematea ohitura da. Trukean, kopla batzuk eskainiko dizkiete eskekoek etxekoei, «Euskal Herriko egunean».