Euskararen sagarrondoak
Baionako Etxepare Lizeo berria hornitzeko diru bilketa kanpaina egiten ari dira ikasleak eta gurasoak 'euskararen sagarrondoak' salduz. Larunbatean, Seguran izango dira.
Baionan Bernat Etxepare Lizeo berria eraikitzen ari dira, Ipar Euskal Herriko 15 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat. 2017ko irailerako martxan jartzea aurreikusten da, 300 ikaslerekin. Formakuntza osoa euskaraz egiten duen Ipar Euskal Herriko lizeo bakarra da eta egoitza berriarekin, adar profesionala ere eskainiko du. Barnetegia ere eraikinean bertan izango du. «Urrats berri honek Ipar Euskal Herriko haurrendako eta gazteendako euskaraz ikasteko eskaintza zabaltzea dugu helburu. Proiektu anbiziotsua da eta erronka ederra denendako», diote Lizeoko arduradunek.
Lizeoaren eraikuntzak 10 milioi euroko aurrekontua du; Akitaniako Kontseiluak 7,2 milioi euroko diru laguntza eman du eta gainerakoa Herri Urratsen bidez eta kanpaina ezberdinen bidez lortuko dute. Baina eraikinaren barrualdea hornitzea ikastetxe bakoitzari dagokio. Kasu honetan, 300.000 euro behar dituzte mahaiak, aulkia, arbelak, oheak, armairuak… erosteko. Lierni Elortza segurarrak dioenez, «barneko antolakuntzarako behar den dena: ikas geletako materiala, laborategian, informatikan, kirolean beharrezko material guztia. Eta berdin barnetegiko beharrezko altzari eta gainerako guztia ere».
Aukera desberdinak
Diru hori lortzeko helburuarekin, Etxepare Lizeoko ikasleak, irakasleak eta gurasoak sagarrondoak saltzen ari dira, Hazten gaitu, hazten dugu kanpainaren bidez. Sagarrondoak dira kanpainaren sinboloa; sagarrondoak euskara, ikastola eta lizeoa irudikatzen ditu: «Euskarak, lizeoak, hazten, hezitzen, handitzen, zaintzen gaitu baita guk ere haiek: eten gabe elkar elikatzen dugu. Sagarrondoak ziklo osoa du, ikastolako ikas prozesuak duen bezala, etengabe indarberritzen dena, heziketa bezala».
Sagarrondo baten truke, 30, 50 edo 100 euro edo gehiagoko laguntza eman daiteke www.betxepare.eus. Sagarrondoa norberak eraman eta landa dezake, edo Baionan sortuko duten Euskararen sagartzean edo sagastian landatzeko utzi daiteke. Elortzak aurreratu duenez, «Baionan aurreikusi da lehen eremua eta nagusia hor kokatuko bada ere, herriz herri ekimenak sortzen ari dira eta Euskararen sagartze bat baino gehiago sortuko dira. Herri guztiak eta bakoitzak sor dezake berea gure lizeoa bultzatzeko saltzen ari garen sagarrondoekin abiatuz».
Larunbatean Seguran
Etxepare Lizeoko gurasoak eta ikasleak herriz herri dabiltza sagarrondoak saltzen. «Gure ahalak ematen digun adina ari gara zabaltzen. Lizeo barnetik irakasle, langile eta ikasleak oso motibatuta daude eta baita hainbat guraso ere. Bakoitzak ahal duen neurrian ahal bezain beste ekimen bultzatzen ditu, batez ere iparraldean, normala den bezala. Eta poliki-poliki Euskal Herriko herrialde guztietara zabaltzen ari gara».
Larunbatean, 18:00etatik aurrera, Seguran izango dira, Etxepare Lizeoko ikasleen kanta, dantza eta musikarekin lagunduta. Bideo emanaldiak ere izango dira Seaskaren eta Lizeoaren berri emanez eta ikasleak herriz herri egiten ari diren ekintza desberdinen irudiak erakusteko. Lapurdiko eta Gipuzkoako sagardoa, sagar zukua, Nafarroako ardoak eta pintxoak ere izango dira bertaratzen direnentzat.













