«Mundua ezin duzu konpondu baina herri txiki bat bai. Txikia da, baina bizia»
Pott zeramika tailerreko Jone Urain eta Maite Salutregi jaiotzez ez dira itsasoarrak. Debako Arte Eskolan ezagutu zuten elkar, eta Manisesen (Valentzia, Herrialde Katalanak) sakondu zuten zeramikan. 1992an, tresneria erosi, eta tailerra Itsasoko plazan jarri zuten. Familia han osatu dute, han lan egiten dute. Itxaropentsu ikusi dute herriaren etorkizuna.
Nolatan aukeratu zenuten Itsaso zuen tailerra jartzeko?
MAITE SALUTREGI: Ama itsasoarra dut, eta 1992ko uda hartan hemen nengoen. Auzokoek komentatu zuten hutsik zegoela lokal bat. Parajea oso polita denez, bertakoa izanda eta Jone ere baserrikoa denez, asko gustatu zitzaigun tokia, eta hemen jarri ginen.
Damutu zarete erabakiarekin?
M. S.: Ez. Gero, etxeak eraiki zitzatela tematu ginen, eta orain hamar urte etxebehean jarri genuen tailerra. Lehen, plazan genuen. Bultzada izan zen bertan bizi izaten geratzea.
JONE URAIN: Ez zen lana bakarrik. Familia ere sortua genuen, eta dena batera pentsatu genuen.
Aktibitate ekonomikoa Itsason izateak zer alde on eta zail ditu?
M. S.: Gure kasuan, kultura arloan inoiz ez da erraza izan. 25 urtean izan ditugu oso garai onak; krisia ere oso nabarmena izan da. Baina ez herri txikia delako; aurrejuzkuak dira. Herri txikiek beti egokitu behar dugu bizi dugun garaira. Orain, on line denda bat sortzen ari gara.
J.U.:Agian, publizitate gehiago egin behar, edo ferietara gehiago irten beharra daukagu.
Herri bezala, Itsasok zer dauka onena, salduko ez zenuketena?
M. S.: Jendea, kapital humanoa esaten dena. Urte hauetan harremanak asko landu izan ditugu, bai auzolanean, bai tailerretan. Hori islatu da gero herria udalerri bezala berreskuratzeko orduan. Jendearen harremana oinarrizkoa izan da.
Zertan lan egin behar da orain?
M. S.: Orain eman dugun pauso garrantzitsu hau gero ikusiko dugu garatzen. Denon artean eraiki duguna, zer herri mota nahi dugun, lan egin behar da. Hori izango da gure satisfazioa: fruituak nola ematen dituen ikustea. Orain arteko lana egiten jarraituko dugu; hori da bidea.
Zein duzue Itsasoko gune edo une gogokoena?
J. U.: Kizkitzako pagadia. Zoragarria iruditzen zait. Eta hara joateko bidea, alboetara pagoekin.
M. S.: Ibilbide polita da, eta bailara ikusteko aukera ematen du. Gero, elkartzen garen gunea plaza da, ostatua, eta hor ordu dezente pasatzen ditugu.
Kanpotik datorren batek zer ez luke galdu behar?
M. S.: Guk egiten ditugu bisitak. Adibidez, tailertxo bat goizean Pott Zeramikan. Gero, eliza ikusi: erlojua Gipuzkoako zaharrena da, eta martxan dago. Makineria, kanpandorrera igo…
J. U.: Erretaula eta eliz ataria ere ederrak ditu. Garai artistiko desberdinak ikusten dira elizan. Film pare bat oraintxe grabatu ditugu: Aundiya eta Errementari. Xarma berezia dauka. Ostatua ere goxo-goxoa da, eta gero Kizkitzara paseotxoa. Handik berehala dago Mandubia. Hemen egin liteke egun-pasa ederra.
Zer iruditzen zaizue Itsasok atzera herri izaera hartzea?
M. S.: Piztuera bat bezalakoa da. Berriz ilusioz eta gogo handiarekin gaude denok.
J. U.: Azkeneko urteetan hori lortzeko egin dugu lana, eta dezente. Hemendik aurrera, herrian inbertitzeko egingo dugu lan. Orain ikusiko dira onurak, poliki-poliki.
Nolako etorkizuna datorke?
M. S.: Oparoa. Orain hasiko gara uzta jasotzen. Tailer asko egin ditugu, eta badakigu nondik, nora, zer eta nola nahi dugun. Ez da hutsetik hastea.
Fruituak jasotzeko garaia da?
J. U.: Eta lanean segitzekoa. Zeren auzolanean ere asko egin dugu. Herria antolatuta dago jada auzolanetarako.
M. S.: Eta egingo dugu. Udaberrian jada izango dugu berriz, dudarik gabe. Herriko ekitaldi guztiak blog interesgarri batean azaltzen dira: Itsasokoargia.com.
Zer eskainiko du herriak?
M. S.: Zeramikan lurrarekin lana egiten dugu, eta landa eremu honetan naturarekin harreman oso zuzena daukagu. Urbanitek beste begi batzuekin ikusten dute; guk, etorri ginenean, abantailak bakarrik ikusten genizkion: herri txiki gardena da. Mundua ezin duzu konpondu, baina herri txiki bat bai. Gertutasun horrek indarra ematen dizu. Herri txikia da, baina bizia. Beti dago zerbait.
- Lainoetan dago Itsaso (Gipuzkoako Hitza)