Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera kontzertua egingo dute igandean. Arratsaldez izango da parrokian. Saioak ospakizunei segida emango die
Jesus Castillejok zuzendutako Legazpiko Musika Bandarentzat ez da aurtengoa nolanahiko urtea, 150 urte betetzen dira lehenengo banda sortu zela Legazpin eta urtemuga ospatzen hasiak dira jada. Araiako Musika Bandaren kontzertua antolatu zuten otsailean. Datorren igandean, urteurrenaren baitan, Legazpiko Musika Bandak Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrarekin joko du parrokian, 19:00etan. Tokia eta ordua ez dira ohikoak, ezta kontzertuaren nolakotasuna ere. Txistulariak lau pieza joko ditu bandarekin. Sarrera bi eurokoa da.
Kontzertuari ekiteko musika bandak M. Amenabarren
Arraunlariak eta I. Urkizuren
Jaialdia obrak joko ditu. Ondoren, Garikoitz Mendizabalekin joko dituzten piezak honakoak dira: Luis Urteagaren
Euskal Kanta Bilduma, Xabier Zabalaren
Irribarrea, E. de Gorosarriren
Idiarena eta Pierre Westeinen
Arin arinak.
Ondoren, Legazpiko Musika Bandako kideak maiatzeko Santikutz jaietara begira jarriko dira. Apirilaren 29an festetako txupinazoan parte hartuko du banda gazteak eta biharamunean gauez kontzertua egingo du banda osoak. Urtemugaren baitan, udaberri bueltan. lau kalejira aurreikusita dauzkate. Hain zuzen, Castillejoren hitzetan, «inoiz jo ez dugun auzoetara joango gara». Auzoak ere zerrendatu ditu: Brinkola-Telleriarte, Urtatza, Itxaropen-Juanastegi eta Saninazio-Arantzazu.
Maiatzaren 27an Lekeition kontzertu bat egingo dute bertako bandak ere 150. urtemuga ospatzen baitu aurten eta uztai-lean atzerrira bidaia egiteko asmoa daukate. «Ilusio handia egiten digun bidaia da. Austriara joango gara eta Salzburgon Mozarten estatuaren azpian Legazpiko ereserkia jo ere», dio Castillejok. Baimenak lortzen ari dira Salzburgon kalejira bat egiteko.
Urtearen bigarren seihilekoak «ezusteko kolaborazioren bat ekar lezake Legazpira, baina itxi arte ez dugu haren berri emango», amaitu du bandako zuzendariak.