Entzuleek izendatzen duten Aztiri Saria Aratz Igartzabalek jaso du. Eneko Araiztegik bigarren urtez kantatuko du Gabiriako saioan, Igartzabalek lehen aldiz. Bakarkako lanean, borobil biak
Bitik bi. Larunbat gauean Aztiria auzoko bertsolari gazteen sariketan partaide ziren bi goierritarrek lortu dituzte Gabiriako Osinalderako txartelak. Aratz Igartzabal
Potto gabiriarra eta Eneko Araiztegi
Korta segurarra izan ziren, epaileen puntuen arabera, saioko onenak, eta apirilaren 22ko finalean ariko dira.
Aztiri-Bat elkartea beteta —68 lagun afaltzen— eta bertso giro dotorean garatu zen Aztiri Saria. Saio «orekatua eta hutsune handirik gabea» izan zen. Entzuteko ere gustagarria suertatu zen.
Sei bertsolari gazte jardun ziren. Bi goierritarren ondoan, Sarai Robles nafarra, Asier Galartza bizkaitarra, Oier Etxeberria gipuzkoarra eta Asier Rubio arabarra; Eresti Oiarbide zen aurkezle. Hasiera oso ona egin zuten, zortziko handian. Zortziko txikian zenbaitzuek baxualdia eduki zuten, eta han banatu zen tropela.
Bakarkakoan luzitu
Bukaeran jo zuten esprinta Igartzabalek eta Araiztegik, bakarkakoan. Aratz nabarmendu zen. Bertsoaldi «oso-oso ona» egin zuen. Baita segurarrak ere. Koplatan ere biek atera zieten besteei aldea. Miren Deba eta Zaldibian bertsotan ariko den Ane Beloki ziren trikiti-pandero jotzen.
Bi goierritarrez gain, Sarai Robles barañaindarra nabarmendu zen. Lehen partea goitik osatu bazuen ere, bakarkakoan jaitsi egin zuen maila. «Bestela, aukeran zegoen finalera sailkatzeko, bukaeran», dio Jokin Matxinandiarenak, Joxe Arizkorretarekin eta Asier Iriondorekin epaile hirukoa osatu zuenak.
Aztiri Saria, entzuleek botoz izendatua, Aratz Igartzabalentzat izan da. Aztiri-Bat elkarteak oroigarria eta gazta oparitu dizkio. 2015ean ere hari eman zioten saria, nahiz gero puntuz igaro ez. Lehen aldiz ariko da Osinalden. Eneko Araiztegi iaz ere finalista izan zen.