Legazpiko eskola publikoan Elkarbizitza Astea egiten ari dira. Boluntarioen lana lantzen ari dira hainbat elkartetako kideen hitzaldiekin; gehienak legazpiarrak dira
Elkarbizitza Astea da Domingo Agirre ikastetxean. Elkarbizitza eta hezkidetza taldeak urtero antolatzen duen astea da. Aurtengoan boluntarioen lana lantzea aukeratu dute eta atzotik lanean ari dira ikasleekin. Haurrak elkartasuna oinarri duten elkar- teetan ari diren boluntarioen testigantzak jasotzen ari dira. Lekukotza horietako batzuk gurasoenak berauenak dira, aldi berean guraso eta boluntario diren heinean.
Elkarbizitza taldeko Miryam Galileak dioenez, «helburua da ikasleei hainbat elkartetako boluntarioek musu truk egiten duten lana ezagutzera ematea». Maila bakoitzeko haurrek elkarte jakin batzuetako ordezkarien bisita jasoko dute ikasgelan.
Boluntarioak mailaz maila
Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako haurrek Chernobilen Lagunen elkarteko ordezkarien lekukotza jaso zuten atzo. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako haurrei Hotz Legazpiko bi kidek euren jardunaren berri eman zieten. LHko bigarren mailakoek Legazpiko Nagusilaneko boluntarioen hitzak entzun zituzten eta LHko 3. mailakoekin Sorgintxulo aisialdi elkarteko kideen ahotik Legazpin egiten duten lanaren berri izan zuten.
Gaur La Fabrica de sueños baserri-eskolako kideak hartuko dituzte LH4ko ikasleek eta Senegalen lanean ari den Anelkar elkarteko boluntarioak LH5ekoekin egongo dira. Etzi, Perun medikuntza lanetan aritu den boluntarioaren testigantza entzungo dute LH6ko ikasleek.
Aurretik gelatan lanketak egingo dituzte ikasleek egokitu zaizkien elkarteen jarduna ezagutzeko. Ostiral arratsaldean maila bakoitzeko haurrek beste mailatakoei entzundakoaren berri emango diete euskarri ezberdinak erabilita: ipuin kontaketak, antzerkiak, jolasak eta dantzak, besteak beste.