«Osinalden bertso txarrei ere txalo jotzen zaie, eta ona izugarri eskertzen da»
Unai Mendizabal (Osinalde sariaren irabazlea)
Ez zinen bertsotarako gogo onenean izango zapatuan. Zer moduz joan zitzaizun saioa?
Animikoki triste, eta fisikoki ere egun gogorra izan zen. Nekatuta joan nintzen. Baina gogoz ere bai, saio ona egin, eta saria ez baldin bazen ere, saioa Asier lagunari eskaintzeko ilusioarekin. Gogo berezi batekin joan nintzen, gauzak ondo egiteko.
Nolako giroa aurkitu zenuen?
Giroa ederra zegoen. Burbuila eraikitzen saiatu nintzen, neraman egoeratik isolatzeko, eta lortu nuen, han zegoen giroari eskerrak ere bai. Burutik pentsamendu triste horiek denak kentzen lagundu zidaten. Kontzentratuta aritu nintzen bertsotan, eta lanarekin gustura naiz.
Osinalde irabazi izana zer urrats da zure bilakaeran?
Osinalde ospe handiko eta ibilbide luzeko sariketa da. Irabazle zerrendan nire izena agertzea ohorea da, eta poztasun handia. Osinalde irabaztea azken urteetan egindako lanaren emaitza da. Gipuzkoako Txapelketarako lagun taldean prestakuntza handia egin genuen, eta uste baino maila handiagoa hartu nuen. Maila horri nolabait eusten ari naizela iruditzen zait; horren adibide dira Erniarraitz, Lizardi eta orain Osinalde irabaztea.
Zer berezitasun du Osinaldek?
Berezia da. Ezaugarri nagusia da mikrorik gabe egiten dela. Horrek, nire ahotsaren ezaugarriengatik, luzitzeko aukera gehiago ematen du. Bestetik, eskatzen du publikoa isilik egotea, adi egotea. Osinalden izugarria da publikoak erakusten duen errespetua eta aktibotasuna. Bertsoa aditzen dago, adi eta oso sartuta saioan. Bertso txarrei ere txalo jotzen zaie, eta ona izugarri eskertzen du.