Legazpiko Musika Bandako bi kidek pregoia egingo dute etzi eguerdian. Txoznagunean bihar hasiko dira jaiak. Legazpiarrek eraso eta musika sexistarik ez dituzte nahi jaietan
Goierri garaiko jaien egutegian lehendabizikoak dira Legazpiko Santikutz jaiak, eta horrek betidanik eman die xarma berezia. Udaberri betean eguraldiak muturretara joateko ohitura badu ere, legazpiarrak prest daude jada aurtengoan astebetez festa giroan murgiltzeko.
TXOZNAGUNEA
Festetako egitaraua ofizialki etzi hasiko bada ere, txoznagunean aurreratu egin dira, eta jai giroa bihartik aurrera sortuko dute. Euskal presoei elkartasuna erakusteko hileko azken ostiraletako elkarretaratzea egingo dute 20:00etan. Niña Coyote eta Chico Tornado hasteko eta jarraian The Northagirres taldeak kontzertua egingo du ondoren; kontzertuak 22:30ean hasiko dira. Txoznaguneko egitaraua zabalagoa da.
GAZTETXEA
Legazpiko Gazte Asanbladak ere jaien hasiera aurreratu du eta txupina bihar bertan botako dute 18:00etan, Kolokoiaren igoera eta trikipoteoa ere egingo dituzte ondoren. 22:30etik aurrera kontzertuak izango dira Gaztetxean: Guri5! eta Nafarroa 1512. Igandean segida emango diete Gaztetxeko ekintzei, 18:00etan pintxopoteoa eta 19:00etan Yaman Brothers eta Martin&Roll-en kontzertu akustikoak izango dira. Maiatzaren 2an, herri danborradan parte hartu aurretik, afaria egingo dute Gaztetxean.
ERASO SEXISTARIK EZ
Jaietan musika sexistarik entzun ez dadin lanketa egin du jai batzordeak eta egitarauan bertan festetan eraso sexistarik egon ez dadin hainbat mezu txertatu dituzte. Onfire neska taldeko kideek pankartak jarriko dituzte herriko zenbait tokitan eta etzi txoznagunean informazio txoko bat jarriko dute.
150 URTEZ MUSIKARI
Etzi jaiei hasiera ofiziala emango zaie txupinarekin eta Legazpiko Musika Bandako kideen pregoiarekin; izan ere, aurten Legazpin banda sortu zutela 150 urte betetzen dira. Jesus Castillejo bandako zuzendariak aurreratu duenez, «Batis Armendariz bandako kide adinekoenak eta Mikele Arizkorreta gazteenak egingo dute pregoia». Hitzetatik harago, bandako eta musika eskolako banda gazteak soinu-banda jarriko diote txu- pinari. «Harro gaude pregoia egiteko aukera dugulako», dio Castillejok.
GURE ESKU DAGO
Legazpiko Gure Esku Dago dinamikako lantaldeak antolatuta etzi Gozategi, 25 urte kontzertua izango da 23:30ean plazan; eguraldi txarra eginez gero, Azokan. Maiatzaren 2an burruntzi erara prestatutako Legazpiko arkume haragi pintxoak banatuko dituzte 2 euroan Kale Nagusian.
HERRI BAZKARIAK
Kuadrilla bazkaria etzi izango da. Jai batzordeak dei berezia egin die parte hartuko dutenei baserritar jantzita joan daitezen. Izan ere, garai bateko ohitura galtzen ari dela sumatu dute azken urteetan. Norberak eraman beharko ditu jatekoak zein edatekoak.
Haur eta familia bazkariari dagokionez, igandean, hilak 30, izango da eta Saniko Kuadrillak paella egingo du; hala ere, norberak bere jatekoak eraman ditzake, baita edatekoak ere.
ELBERETH TALDEA
Legazpiko Elbereth metal tal-deak Karma disko berria kaleratu du eta txoznagunean aurkeztuko du igandean. Laugarren diskoa du Elberethek, oraingoan sortu berri den Basque Metal Country zigiluarekin atera dute. Diskoaren azala eta diseinua Beñat Olea legazpiarrak egin du.
BERTSO MUSIKATUAK
Bertso Olariak eskolako kideek Soinu ona… oinak doinu ikuskizuna sortu dute Legazpiko hainbat musikarekin batera. Maiatzaren 3an aurkeztuko dute txoznagunean, 22:00etan. Legazpiarren arteko elkarlanaren emaitza da ikuskizuna. Soinu ekipoa Subeltzako bi kidek jarriko dute. Bertso Olarietako kide Joxe Arizkorretaren hitzetan, «aurtengoa erronka da, orain arte kalean zehar gitarra eta saxofoiarekin joan izan gara jaietan bertsotan. Aurten bertsoak banda formatuan emango ditugu». Ikuskizunaren errepertorioa Arizkorretak berak eta musika bandako zuzendari Jesus Castillejok ondu dute. Bertso Olarietako gazte bat baino gehiago musikaria ere bada eta bi roletan arituko dira. Dozena bat sorta emango dituzte Imanol, Pirritx eta Porrotx, Joaquin Sabina zein Bob Dylani hartutako doinuetan bertsoak txertatuta. Ekitaldiak ordubete iraungo du.
ESZENATOKI ALDAKETAK
Goitibeheratan ibiltzeko bi hitzordu daude jaietan. Bata maiatzaren 3an, asteazkenean. Maldan Behera elkartekoek Sputnik goitibeheratan jaitsierak egiteko aukera emango diete gaztetxoei Aizkorri kalean. Lasterketa maiatzaren 6an egingo dute, baina beste eszenatoki batean, Aztiritik Motxorrora doan bidean izango baita.
Ganadu feriaren eszenatokia ere aldatu dute. Lehen Latxartegi parkean egiten zuten eta aurtengoa, asteartean, maiatzak 2, Kale Nagusian egongo da ikusgai, 09:30etik 13:30era.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.