Bost jardunaldi aurretik dituztela, gaur berrekingo diete lazkaotarrek San Prudentzio festei. Huntza taldeak joko du bihar. Bikotekako kros mistoa ere jendetsua izango da
San Prudentzio bezperan, gaur, helduko diete Lazkaon atzera jaien egitarauari. Motorra pizteko arratsaldea izango da gaurkoa, pilota erakustaldi, xake, patata tortilla lehiaketa eta helduen danborradarekin. Bihar San Prudentzio zaindariaren eguna da, larunbata haurrena, eta igandea kuadrillena.
Patata tortilla lehiaketa Gazte Asanbladak antolatu du, eta 17:00etan hasiko da, plazan. Osagaiak antolakuntzak jarriko ditu, baina tresnak (zartagiak barne) norberak eraman behar ditu. Irabazleek lau lagunentzat afaria dute Amebin, saritzat.
Danborrada, berriz, afal aurretik egingo dute: San Prudentzio auzotik irten 20:00etan, eta plazan bukatu, ordubete buruan.
Iaz harrera ona izandakoa, Bikoteen II. Kros Mistoa jendetsua izango da bihar ere. Izena emateko azken eguna gaur da; atzo 80 lagun zeuden apuntatuta, 40 bikotetan. Aurrena haurrek korrika egingo dute, neska eta mutil banak. Gero, larriek. 5,5 kilometroko ibilbidea prestatu du Antzar Korrikalariak taldeak. Lehen 10 bikoteek dituzte sariak.
Jaietako beste kirol proba aipagarri bat afizionatuen txirrindulari lasterketa izango da, igandean. Euskaldun Txapelketarako baliagarria izango da.
Huntzaren kontzertua
Musikari dagokionez, gaur Akerbeltz taldeak girotuko du gaueko dantzaldia, eta bihar EMK Rock Band ariko da, plazan. Txosnetan, berriz, Huntza talde sonatua ekarriko dute bihar. Ezten Giro erromeria-taldeak jarraituko du ondorengo parranda. Jendetza espero dute txosna gunean.
Kantaka abesbatzak ere San Prudentzio egunean egingo du jaietako kantaldi berezia, ermitan. Javier Alberdik zuzenduta eta Arantxa Gastesi pianoan dela, 11 pieza abestuko dituzte, euskal errepertoriokoak asko.
Ikastolak, bere aldetik, gaurtik igandera gauero afariak emango ditu. Ikasleen eskulan erakusketa gaur zabalduko dute (arratsaldez), etzi arte.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.