Behi talde bat gaur goizean Larraitzen, mendira igotzeko zain. Arg./ I. Gurrutxaga
Festa giroan eta eguraldi ederra lagun zela ireki dituzte gaur eguerdian Aralarko larreak Larraitzen (Abaltzisketa). Enirio-Aralar mankomunitatea orain 19 urte hasi zen –20. ekitaldia izan da– larre irekiera antolatzen, eta aurtengoak izan du ezer berezitik. Jose Migel Santamaria Ordizia alkate eta mankomunitate lehendakariak, eta Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi zuzendariak bando bat irakurri dute oholtzatik, eta ondoan izan dituzte Aralarren, Urbian edota Oiartzungo mendietan abereak larratzen dituzte hainbat ganaduzale eta artzain. Ainhoa Zuriarrain Amezketako artzainari langaren giltzak eman dizkio Santamariak, eta Zuriarrain bera izan da giltzarrapoa irekitzeaz arduratu dena. Azken urteetan behi talde batekin irudikatu dute Larraitzen larreen irekiera, baina gaurkoan zaldi-behorrek eta artalde batek ere igaro dute Zamaoko langa.
Gainontzean urteroko kutsu bera izan du festak. Postuak zabalik zeuden 10:00etarako –taloak, gazta, hariak, sokak eta saskiak egiten erakustaldiak…–, eta 11:00etarako iragarrita zegoen zaldi doma erakustaldirik ez da izan. Irekieraren ondoren, Daniel Tapia azkaindarrak ardi mozte erakustaldia egin du, segidan Jose Inazio Barberia leitzarra kantuan aritu da, eta Xabier Dorronsoro eta Aitor Urteaga aizkolariek seina kanaerdiko ebaki dituzte. Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsotan jardun dira hurrena. Bazkaritarako tartea hartu eta gero, 17:30ean erromeria izango da Jesus Mujika eta Josu Puldain trikitilariekin.