Osinalde taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoan kantatuko du, etzi, Bergaran. «Sorpresa» da haraino iritsi izana hirurentzat, baina edozertarako prest doaz.
Jertsea, ohi duen bezala, bizkarrean duela iritsi da Aratz Igartzabal. Udaleko bileraren aurretik tartea hartuta Endika Igartzabal —zinegotzia da—; eta desbrozadorearekin saiotxoa eginda, praka motzean Gorka Maiz. Patxada darie, etzi seguru asko urduritasun bihurtuko zaien egonarria. Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa 2017ko finalaurrekora iritsi dira,
Osinalde taldearekin. Bergarako frontoian kantatuko dute, etzi 17:30ean, Amasa-Villabonako
Am…ona taldearekin.
Hirurentzat «sorpresa» izan da haraino iristea. 38 talde hasi ziren, eta lau onenen artean dira. «Ez genuen hainbeste uste. Ondo egin genezakeela bai, baina hainbestekorik…», dio Aratz Igartzabalek, kide gazteenak. Saioa frontoian izatea, eta ez antzokian, onerako dela dio. «Jendea berotuta egongo da».
Gorka Maizentzat ere «sorpresa polita eta handia» da. «Ikusita zer talde zeuden, eta bakoitzean zer bertsolari —Gipuzkoako Txapelketan aurrean ibiltzen direnak—, gu hirurok horra ailegatzea handia da».
Halako agertokian aritzea —600 lagunentzat tokia dago—, eta finalaurreko bat izatea jada saria dela diote: «Guk inoiz kantatu dugun plazarik jendetsuena izango da, 200 lagun joanda ere. Nik, pertsonalki, horrekin gozatu nahi dut, halako plaza batean kantatzea zer den», azaldu du Endika Igartzabalek.
Hasieratik, giroa jartzera
Agurra prestatuta eramango dute, antolakuntzak eskatuta; puntuagarria da. Saioa berez «motza» da, bakoitzak 6-8 bertso botako ditu. Puntuazioa, formatua nahiz ariketak ere txapelketa ofizialetatik bestelakoak dira,
jolasagoak. «
Kale edo bale da Herriartekoa. Beste txapelketen konparaketek ez dute balio hemen. Ariketa oso ona edozeinek egin dezake; oso txarra ere bai».
Hori aldeko izango dute, aurkarien ibilbidea eta esperientzia ikusita. Festa girotik joango dira Bergarako saiora, gainera, Gabirian Gazteburua ospatuko dutelako. Hirurei tokatu zaie 80 lagunentzat bazkaria jartzea.
Baina lanean ohituta daude, bertsotan ondo egiten ere bai. «Galtzera inor ez da joango», arrazoitu du Aratz Igartzabalek.
HERRIARTEKO TXAPELKETA
Finalaurrekoa
· Noiz. Larunbatean, 17:30ean.
· Non. Bergarako pilotalekuan.
· Taldeak. – Osinalde (Gabiria): Endika Igartzabal, Gorka Maiz, Aratz Igartzabal.
–Am…Ona (Villabona): Amaia Agirre, Beñat Iguaran, Ander Goikoetxea.
· Aurkezle-epaile. Jokin Murua eta Iñaki Otaegi. Beñat H. Embarek, Aritz Garin eta beste hiru.
· Sarrerak. Bertsosarrerak.eus edo Bergarako Pol Pol tabernan.