Lurpeko zabortegiaren kontrako mendi martxa egin dute
Goierri Birzirik plataformak deituta, Mutiloako Lurpe zabortegiaren kontrako mendi martxa egin dute gaur, dozenaka lagunek. Gabiria, Mutiloa eta Ormaiztegitik joan dira herritarrak oinez, eta bidean, Seguratik eta Ordiziatik etorritako jendea ere batu zaie. Bide berdetik barrena joan dira, Liernira aurrena eta handik Lurpe zabortegia dagoen tokira ondoren. Behin han, hondakindegia ikusi eta taldeko argazkia atera dute. Liernian hamaiketakoa eginez bukatu dute eguna.
Goierri Birzirik plataformako Aitor Iraetak, duela bi aste Lurpen izandako sutearen eraginak eta sua izandako tokian gelditutako errautsak erakutsi ditu. Horrez gain, plastiko beltzekin estalita, hondakin arriskutsuak hartzeko prestatzen ari diren gunea ere ikusi ahal izan dute bertaratutakoek. Beste gune batzuetan ere, hondakin arriskutsuak badirela azaldu dute, uralita esaterako. Iraetaren arabera “oraindik beste arrisku batzuk zehaztu gabe” daude, hala nola zepa toxikoek eta isuriek izan dezaketen eragina.