Aralar, Gailurra Martxan telebista saioan
Euskal Telebistako Gailurra Martxan saiokoak Aralarren izan dira azken asteotan. Programa prest dute dagoeneko, eta ostegun honetan emitituko dute, 22:15ean, ETB1 katean. Andoni Aizpuru eta Irati Anda toki ezberdinetatik abiatuko dira, biek ere, Ganbo mendia helburu hartuta. Bidean hainbat lagun eta pertsonaia ezagunekin egingo dute topo.
Maiatzaren 1eko larreen irekiera festa aitzakiatzat hartuta, transhumantzia eta animaliek mendirantz egiten duten bidaia landu nahi izan du saioak. Hala, Andoni Aizpuru 450 buruko artaldearekin joango da mendian gora; Irati Anda berriz, 20 buruko behi sailarekin.
Musikak ere tarte berezia izango du saioan. Artzantzaz asko dakien Erramun Martikorena kantari baxe-nafartarra etorriko da batetik. Bestetik, Huntza taldekoek Aldapan gora abesti ezagunarekin girotuko dute ibilaldia. Bertako hainbat pertsonaia ezagun ere gonbidatu dituzte; Joseba Intsausti eta Inazio Irastortza Katxiñe artzainak, esaterako. Monozikloa ere probatuko dute mendian, eta Ehunmilak ultratrail probaz ere ariko dira, besteak beste.