Irribarriak buruz buruko txapelketako finala jokatuko du igandean, Oinatz Bengoetxearen aurka. Iazko txapelketaren aldean, "lasaiago" dabilela dio aramarrak.

Elkarrizketa sorta baten azkena eskaini dio buruz buruzko txapeldunak egunkari honi, gaur zortzi, Tolosako Usabal kiroldegian. Azken urteko pilota jardunaz eta igandeko finalaz aritu da pilotari aramarra. Gaur du finalerako pilota aukeraketa Bilbon.
Zenbatgarren elkarrizketa duzu oraingo hau?
Asko, asko, kontua galdu dut ia! 09:30ean hasi naiz lehen elkarrizketarekin. Kirol pixka bat ere egin dut, bazkaldu eta berriz ere lanera.
Ohitzen ari al zara?
Ohitu edo… Horrelakoak ere gure lanaren parte dira, eta ikasten ari garela esan daiteke.
Profesionaletako lehen urtean buruz buruko finalera iritsi zinela eta, elkarrizketa eta erreportaje asko eman behar izan zenuen iaz. Zure familia ere ezagutu genuen. Iazkoa gehiegitxo izan al zen?
Gehiegitxo izan zen, bai, iazkoa. Aurten, zentzu horretan, lasaiago nabil. Lehengo urtekoa
boom moduko bat izan zen. Aurten ez dago horrelako nobedaderik, eta eskertzen da lasaiago ibiltzea, bai ni eta baita familia eta ingurukoak ere.
Ikasketekin ere bete-betean ibiliko zara orain, azterketetan. Ondo moldatzen al zara pilota eta ikasketak uztartzeko?
Beharko, bestela etxean… [barrez]. Ingeniaritzako hirugarren urtean nabil. Aurten kurtso erdia egiten ari naiz, eta datorren urtean beste erdia eta gehixeago egin beharko dut.
Urtebeteren buruan bi txapela jantzi dituzu, orain gutxi bigarrena, bi-bitakoa, Beñat Rezustarekin. Ez dago urte honi gehiago eskatzerik, ezta?
Bai, eskatzeagatik bai, berriz ere buruz burukoa irabaztea! Baina ez irabazita ere, pasatzeko moduan izango gara.
Finalerdietan pixka-pixka bat estutu zintuen, azken tantoetan, Rezustak.
Bai, hala izan zen. Baina ez zen izan ni gaizki aritu nintzelako, eta ezta bera asmatzen ari zelako ere. Beñatek erakutsi zuen edozein momentutan txapeldun atera daitekeela, eta edozein pilotarirentzako kontrario oso gogorra dela.
Hilabeteko tartean elkarrekin aritzetik elkarren aurka buruz buruko finalaurrekoan aritzera, arraro egingo zitzaizuen.
Arraroa bai, baina partida horretara motibazio eta ilusio bereziarekin joan ginen. Biok ala biok bagenekien biotakoren batek etxera joan beharko zuela, baina biok kontentu geratu ginen egin genuen partidarekin. Ni kontentuago, noski, irabazi nuelako, baina bera ere gustura joan zen. Kantxan ez dago lagunik.
«Niretzako Oinatzen jokoa da txarrena,
eta Oinatzentzat nire jokoa»
«Irabazi nahi badut, Oinatz aurreko
koadro horietatik atera beharko dut»
Aurten bi partida irabazita sailkatu zara finalera, iaz prebia jokatuta, Ordizian gainera. Iazko errodajea onerako izan zen?
Errodaje horrek kalterik ez duela egiten esango nuke, baina arriskua ere hor dago, partida txar bat egin eta aurrera ez egiteko arriskua. Oso diferentea izan da iazkoa eta aurtengoa. Seinale ona da urtero-urtero aurrean hastea, eta hurrengo urtean ere aurrean hasiko gara. Kalterik ez du egiten hasieratik honaino ailegatzeak, baina ez da inoiz jakiten. Hobe da beranduago hastea.
Iaz Mikel Urrutikoetxea izan zenuen finalean aurkari, orduko txapelduna; aurten, Oinatz Bengoetxea. Sasoiko dago leitzarra. Lau t’erdikoa irabazi zuen udazkenean, bi-bitakoan zuen aurka galdu, eta orain ere buruz buruko finalean da.
Urte borobila darama. Erakusten ari da oso ondo prestatuta dagoela, puntuan dagoela. Gauzak oso-oso ondo egin beharko ditut irabazi nahi badut.
Finalaurrekoan airean ibili zuen Urrutikoetxea.
Urrutikoetxea tranpan sartu zuen, eta aurreko koadroetan artista bat da Oinatz. Irabazi nahi badut, aurreko koadro horietatik atera beharko dut.
Hor ikusten duzu finala irabazteko gakoetako bat?
Niretzako Oinatzen jokoa da txarrena, eta Oinatzentzat nire jokoa. Bere jokoan sartzen banaiz badakit ez daukadala irabazteko aukerarik. Estilo oso diferenteetako bi pilotari gara.
Materialaz zerbait esatekorik?
Binakako finalean nahikoa kontu izan zen! Buruz buruko hau nahiko isilik pasatzen ari da, eta horrela segi dezala. Guk lehen bezalako pilotak nahi ditugu. Arazorik ez da egon, eta orain arte egon den materialarekin asmatu dugula esango nuke.
Araman eta Ordizian ere baretuko zen iazko aparraldia ezta?
Boom hori pasatu da, baina aurten ere jendea mugitzen ari da. Eskertzekoa da Arama bezalako herri txiki batean nire inguruan sortzen den mugimendua, baita Ordizian bertan ere. Binakakoan baino mugimendu gehiago izaten ari dela sumatzen dut.
Bilbora jende mordoxka bat inguratuko da.
Ez dakit kontu gehiegi horri buruz, amak eta beste lagun batek damarate. Ez naiz aspaldi egon, baina aditu dudanez itxura polita dauka.
Irabazi ala galdu, azken bi finaletan bezala Tximistan elkartuko zarete?
Bai, bai. Finala ez da egunero jokatzen, eta aprobetxatu beharra dago. Ez ni finalera ailegatu naizelako bakarrik, baizik beste jende askok lan egin duelako ere bai, eta asko lagundu didatelako ni honaino ailegatzen. Inguruko jende guztiarekin ospatzea gauza ederra da.