Italiako Girotik itzuli berri da Izagirre (Ormaiztegi, 1987). Zortzigarren etapa irabazita bueltatu da Euskal Herrira. Astebeteko atsedenaldia hartzen ari da TeamMovistar taldeko txirrindularia.Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra Euskal Herrian...

Gorka Izagirre irribarrez Peschiciko helmugan, Italiako Giroko etapa irabazi berritan. // Movistar Team
Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra Euskal Herrian da Italiako Giroko 100. edizioko zortzigarren etapa irabazi eta gero. Molfetta eta Peschici herrien artean, 189 kilometro bete izan zituen etapa hark. Valerio Conti, Giovani Visconti eta Luis Leon Sanchez txirrindulariekin ihes eginda iritsi zen Izagirre Peschici herriko azken maldara, eta bihurgunean Conti erori ondoren, erasoa jo zuen euskaldunak eta etapa irabaztea lortu zuen.
Profesionaletako orain arteko garaipen handiena lortuta itzuli zara Girotik.
Bai, egun berezia izan zen niretzat, garaipen handia izan zen eta oso pozik nago egindako lanarekin.
Nola gogoratzen duzu helmugara garaile iristeko une hori?
Garaile nintzela marran baino ez nuen sentitu Visconti eta Luis Leon [Sanchez] hurbil-hurbil nituelako. Dena hustu behar nintzela jakin, eta guztia emanda zeharkatu nuen helmuga. Ez nuen une hartan garaipena gozatzeko aukerarik izan. Amaitu ostean gozatu nuen.
Nolako Giroa izan da aurtengoa?
Lasterketa ona izan da, hala pertsonalki nola taldeari dagokionean. Ez ditugu aurrez jarritako helburuak bete Nairo Quintana taldekideak ez zuelako Giroa irabaztea lortu. Edonola ere bigarren geratu zen eta taldeak lan asko egin zuen.
Izan ere, txirrindularitzan talde lana ezinbestekoa da.
Bai, lasterketak hamar kilometrokoak balira tira… 200 kilometroko etapak betetzeko, ordea, ezinbestekoa da talde lana. Kilometro asko dira eta taldekide ezberdinek tiratu behar dute, lagundu behar dute. Lan horrek garrantzia dauka eta ondo aritu gara.
«Oraindik ez dakit zer egutegi izango dudan.
Tourra ez dudala egingo badakit. Baliteke
hurrengo lasterketa Ordiziako Klasika izatea»
Giroa zinez gogorra da…

Espainiako Itzulia, Frantziako Tourra eta Italiako Giroa aintzat hartuta, Giroa gogorrena da ibilbideari dagokionez eta aurten ere hala izan da. Aurtengoan eguraldiak lagundu du; oso eguraldi ona izan dugu, epela eta beroa, eguzkia bidelagun izan dugu etapa guztietan.
Etapa bat garaitu izanak zein arrasto utzi dizu aurrera begira?
Lanean jarraitzeko gogo gehiago. Halako garaipenak lortzeko gaitasuna baduzula jabetzen zara. Pertsonalki aurretik ere egon naiz goiko postuetan, baina garaipenarekin, beste behin ere lortu dezakedala sentitu dut; alegia, lana ongi eginez gero, aukerak sortzen direla.
Aurtengo denboraldia hasi zenetik indartsu zabiltza.
Denboraldia Australian hasi nuen urtarrilean. Etapa batean bigarren postua lortu nuen han eta nire burua lasterketaren lehian ikusi nuen. Martxoan Paris-Niza proban laugarren egin nuen, Euskal Herriko Itzulian izan nintzen eta Zornotzan (Bizkaia) Udaberriko Saria irabazi nuen. Egia esateko, oso pozik nago denboraldiko lehenengo zatian egin dudan lanarekin.
Euskal Herrira itzuli berri zara. Atseden hartuko duzu orain.
Bai, aste honetan atseden hartzen ari naiz. Astebete egongo naiz txirrindua ukitu gabe.
Erraza egiten al zaizu hori?
Bai, bai, Girotik bueltan, egunero 170 kilometrotik gora bete ondoren erraza egiten da.
Zer da egiten duzuna atseden hartzen ari zarenean?
Egun asko ematen ditugu etxetik kanpo lasterketak direla eta kontzentrazioak direla. Aste honetan senideekin eta lagunekin egoteko denbora hartzen ari naiz.
Kontzentrazioak aipatu dituzu. Zer egiten duzue haietan?
Altuerako kontzentrazioak egiten ditugu bakarka, aklimatatzeko. Navacerrada (Madril), Sierra Nevada (Granada), Teide (Lanzarote) eta halako tokietara joaten gara. 2.000 metrotara lo egin eta bizimodu osasuntsua egiten dugu; hiru aste inguru ematen ditugu.
Halakorik egingo al duzu aurki?
Espainiako Itzulia egiten badut, bai.
Ba al dakizu denboraldiaren bigarren zatian egingo dituzun lasterketak zeintzuk izango diren?
Oraindik ez dakit egutegia zein izango den. Tourra ez dudala egingo badakit.
Eta Ordiziako Klasika? Hiru aldiz irabazia zara proba hori.
Baliteke bai hurrengo lasterketa Ordiziako Klasika izatea.