Gorka Izagirre txirrindulariari omenaldi beroa egin diote herritarrek
Ez da gutxiagorako. Italiako Giroko etapa bat irabazteak merezi zuen horrenbeste. Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrari omenaldi beroa egin diote Ormaiztegin, bere jaioterrian. Udalak, Izagirre Anaiak peñak eta Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz fundazioak parte hartu dute ekitaldian, eta egindako lorpena eskaintzeaz gain, Gorka Izagirre eta bere anaia gazteentzako “eredu” direla azpimarratu dute.
Ostiral iluntzean egindako ekitaldian, hogei bat txirrindulari gaztetxok egin diote lehen harrera Gorka Izagirreri, Ormaiztegiko udaletxe parean. Ondoren, dantzarien agurra eta udaletxekoen lore sorta jaso ditu, baita bere garaipenaren argazkia jasotzen duen koadro handi bat ere. Endika Igartzabalek eta Beñat Hach Embarekek bina bertso bota zituzten, eta aurrekoan Gorkak berak eskatu bezala, bertsotan ormaiztegiar bat aritu izanak eman zuen zeresana.
Udalaren izenean, Jon Enrike alkateak “egindako ahalegina” eskertu nahi izan dio Izagirreri, “ez bakarrik etapa hura irabazteko, baita hemen egoteko egindakoagatik ere”. Ormaiztegi mapan jarri izana ere eskertu dio, eta Ion anaia eta biak “gazte guztientzat eredu” direla azpimarratu du.
Izagirre Anaiak jarraitzaile taldeko Iker Txurrukak ere hartu du hitza. Taldea aspaldi sortu zela gogorarazi du, eta hasera hartan ez zutela “inondik inora espero maila honetara iritsiko zirenik”, orduan Giroa eta Tourra “oso urruti” ikusten baitziren. Lasterketa horietara guztietara beraiekin joateko emandako aukera eskertu nahi izan die Izagirre anaiei, eta beraien garaipenak elkarrekin ospatzeaz ez direla aspertuko esan du.
Opari eta txalo artean, Gorka Izagirre bera izan da hitza hartzen azkena. Udalari eta herriari esker ona agertu die, “beti hor” egon direlako, “Ion eta biok babesten”. Gaurkoa bezalako ongietorriak “eskertzekoak” direla esan du, eta gustura agertu da behingoz “Ormaiztegiko bertsolari bat” etorri delako omenaldira. Ekitaldira etorri diren txirrindulari gazteei berriz, “kirola denetik” egin behar dela esan die, eta txirrindularitza “kirol eder bezain gogorra” dela gogorarazi du.