Haztegi ikastolako LH6 mailako ikasle kuadrilla batek eta bere gurasoek Kemen elkartekoengana jo dute mendi igoera berezi bat egiteko. Unaxek ezin du orain bere kasa mendira igo, lagunartean Adarraren goia jo du.
Lehenengo hitzak
eskerrik asko dira. Patxi Diaz eta Elena Martin legazpiarrek Kemen elkarteko kirol ataleko Iñigo Guiradori eta Juanjo Garcia de Anari esan nahi dizkieten lehenengo hitzak dira. Aurreko igandean, beraien laguntzarekin eta Unax semearen ikaskide nahiz haien gurasoekin Adarra mendiaren gailurra jo zuen Unaxek.
Unaxek gaur-gaurkoz ezin du bere kasa mendira joan, ezta eskolako txangoetara ere. Alabaina, igandean lagunekin mendira joan zen. «Kemen Gurpiltekeko jendeak amets txiki bat betetzeko aukera eman digute. Jende jatorra da, besteen alde lan egiten dute trukean ezer ere eskatu gabe. Zaila egiten zait igandean sentitu genuena hitzez azaltzea», dio Patxi Diaz Unaxen aitak.
Igandeko «subidoia»
Kemen Donostiako kirol klub bat da. Guirado eta Garcia de Ana mendi atalean aritzen dira eta biek Aspacen egiten dute lan. «Guri mendia gustatzen zaigu eta otu zitzaigun behin begiratzen hastea zein gailu dauden ezintasunak dituzten pertsonak mendira joan ahal izateko» azaldu du Guiradok.
Joëlette-a topatu zuten, Asian erabiltzen diren
rickshaw-en tankera du, baina Frantzian asmatutakoa da.
Guiradok dioenez, «igandekoa zinez izan zen berezia eta oraindik hunkituta gaude. Berezia izan zen han bildutako 40 lagunen jarrera. Kuadrilla oso bat osatzen zuten. Legazpiarrek inplikazio handia erakutsi zuten, baina laguntasunetik,
piña bat ziren». Guiradok atzo oraindik igandean egindakoaren «
subidoia» zuela zioen eta berriro egiteko geratu zirela ere esan du, errepikatzeko gogoz geratu zirela, alegia.
Adarra mendiak 819 metro ditu, Andoain eta Urnieta artean dago. Legazpitik Adarrara egindako espedizioko kide gehienak oinez igo ziren, Unax
joëlette-an igo zen eta gailurra Juanjo Garcia de Anaren bizkar gainean jo zuen. Unaxek ezin zuen bakarrik igo, baina lagunekin Adarraren gaina jo zuen.