Zazpiturrieta kalea berrurbanizatzeko eta hainbat kale asfaltatzeko lanei ere onespena eman die udal gobernu batzordeak
Anoeta futbol zelaitik ekarritako belarra jarri zuten iaz. Egoera txarrean dagoela ikusita, artifiziala jarriko dute orain.
Udan egingo dituzten hiru obra proiekturen kontratazioak onartu zituzten azken gobernu batzordean: Loinatz futbol zelaian belarra aldatzea, Zazpiturrieta kalea berrurbanizatzea eta hainbat kale asfaltatzea.
Futbol zelaiaren obrak EAJren eta PSE-EEren onespenarekin onartu ziren; EH Bildu abstenitu egin zen. Gainerako bi lan kontratazioak aho batez onartuak izan ziren.
Loinatz futbol zelaiaren erabilera eta aprobetxamendua handitzeko Beasain Kirol Elkarteak egindako eskaera kontuan hartuta, belar artifiziala jarriko dute denboraldia amaitutakoan. «Aldaketa hori eta drainatze eta ureztatze sistema berritzea eta tribunaren atze aldeko gunean» egingo diren obrak Alvac S.A. enpresak egingo ditu. 434.092,71 (gehi BEZa) euroko aurrekontua du.
Zazpiturrieta kalea berrurbanizatuko dute
Zazpiturrieta kalearen berrurbanizazio lanen kontratazioa ere egin zuten. «Mendiaren kontrako espaloi zatia kendu eta etxeetan dagoena zabalduko da, eta asfaltatze eta saneamendu zerbitzuak berrituko dira». Otegi-Gaztaña enpresak egingo ditu lanak, 211.323,86 (gehi BEZa) euroko aurrekontuarekin. Lanak uztailaren lehen hamabostaldian hastea aurreikusten da eta bost erdiko epean bukatuko dituzte.
Hainbat kale asfaltatuko dituzte
Azkenik, Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu Beasaingo hainbat kaletako asfaltatze lanak uztailaren 17tik abuztuaren 11ra; 135.948,41 euro (gehi BEZa) aurrekontua dute lanek. Udalak aurreratu duenez, ondorengo kale hauetako hainbat zati asfaltatuko dituzte: Mariarats kalea, Andre Mari kalea, Joan Iturralde kalea, Erauskin kalea, Andre Mari kalea eta Zaldizurreta kalea.