Astelehenetik aurrera hasiko dira errefusdun kamioiak Mutiloako zabortegira bidean Ormaiztegitik igarotzen
Jose Inazio Asensio Ingurumen diputatuak eta Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak oinezkoentzat pasabidea egiteko akordioa sinatu dute
Mutiloako zabortegira hiri-hondakinak iristen hasiko dira astelehenetik aurrera. Kamioiak Ormaiztegitik pasa behar dira halabeharrez eta oinezkoen segurtasuna bermatu aldera, Jose Inazio Asensio Ingurumen diputatuak eta Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak hitzarmena sinatu dute Antoneneko lur-eremuan, kultur etxearen atzean, oinezkoentzat pasabide bat egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu lanak Ormaiztegiko Udalak lur-eremua utzi eta gero, hain zuzen, Ingurumen sailak hartuko du bere gain lanen aurrekontua –106.000 euro inguru– eta irailerako amaituta egotea nahi dutela esan du diputatuak. Izan ere, alkateak agertu duenez,
“eskolara bidean doazen ikasle nahi familien bide berbera egingo dute kamioiek eta haien segurtasuna bermatu nahi genuen. Hasieran zirkulazioa berbideratzea pentsatu zen, baina egingarria ez zela ikusita eta Mutiloako zabortegiak behin-behineko zerbitzua emango duela jakinda, oinezkoen pasabidea egitea erabaki zen”.Asensiok hiri-hondakinak Mutiloara “poliki” hasiko direla iristen esan du, “bi hilabeteko epea hartuko dugu logistika doitzeko. Tarte horretan Merueloko zabortegia erabiltzen jarraitzeko aukera daukagu”. Mutiloako zabortegiaren erabilera bi urte eta bi urte eta erdi artera luzatuko dela aurreikusi du diputatuak,
“ordurako Zubieta bukatuta egongo da eta ez dugu zabortegirik beharko. Irtenbide hau Gipuzkoako azpiegitura faltaren ondorioa da”.Egunean 8-9 kamioi igaroko dira Ormaiztegitik Mutiloara bidean eta abuztu erdirako kamioi kopurua 20 ingurura igoko da. Ormaiztegiko alkateak gaiak herrian sortutako zalaparta ekarri du gogora,
“inork ez du bere etxe ondoan zabortegi bat eduki nahi. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak zabortegi pribatu batean aurkitu zuen konponbidea eta zabortegi hori Mutilon dago. Dagoeneko 200.000 zabor tona jasotzen da han eta guretik pasatzen dira, orain kopuru horrek gora egingo du eta gurean kezka eta zurrunbiloa sortu zen”.Alkateak Ormaiztegin sortutako kezka hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean bideratu dutela dio, “pasabideak oinezkoen segurtasuna bermatuko du”. Ekitaldia amaitutakoan, Mutiloako zabortegira bisita egin dute agintariek haren kudeaketa daraman Cespa enpresako ordezkariekin batera. Hona hemen bisitaren bideoa:













