Eguraldi beroak besterik pentsaraz badezake ere, atzo iritsi zen uda. Atsedenerako unerik utzi gabe, San Joan festak gainean dira. Seguran gaur hasiko dira, eta Olaberrian bihar
Uda atzo 06:24an hasi zen, egutegiz. 93 egun eta 20 ordu aurretik. Tenperaturaz, badira aste batzuk iritsi zela, 37 graduraino berotuz. Eta, aldartez, bihar sartuko dira goierritarrak uda giro betean. San Joan badator, eta horrekin batera urtaroko lehenengo festak. Seguran eta Olaberrian urteko festa nagusiak dituzte. Gaur hasiko dituzte segurarrek, bihar olaberritarrek. Urretxun ere bereziki ospatuko dute, Santa Barbaran batik bat.
Horiez gain, makina bat auzo txikiagotan ere ospatuko dute udaren ongietorriko festaburua: Telleriarten (Legazpi), Arrondon (Ataun) edo Otegienea-Majorin (Ordizia). Baita Ezkiaga auzu-nean ere (Beasain), han San Pedro aurreratuak dituzten arren.
Seguran, gaurtik
Seguran gaur, 18:00etan, futbito txapelketarekin hasiko dituzte San Joan festak. Taldeak Baratze pilotaleku ondoko kantxan ariko dira nor baino nor.
Ordu berean, haurren gozamenerako, Unamendiko Mari eta Tartalo buruhandi berriei ongi etorria egingo diete. Irungo Garate eta Garate enpresak egin ditu eta Ekhi Albizu zinegotziak azpimarratu duenez, «buruhandiak berritu premian zeuden eta pixkanaka berritzen hastea pentsatu dugu». Kasu honetan, euskal mitologiaren gaiari heldu nahi izan diote: «Unamendi izena jarri diogu Mariri. Herriko tontor nagusia da Unamendi. Haitzlehor bezala ezagunagoa da baina lehengo izena da Unamendi».
Zopa pertzaren jaitsiera eta pregoiaren ekitaldia 20:00etan izango da. Aurten, 50 urte bete dituen San Joan ikastolako ikaslerik zaharrenek eta gazteenek izango dute pregoia irakurtzeko ohorea. 1967an sortu zen ikastola, pedagogia berritzaile eta euskaldunean oinarritutako hezkuntza proiektua eskaintzeko.
Kuadrilla lehiaketak leku berezia izango dute aurten ere San Joan jaietako egitarauan. Hamazazpi kuadrillek hartuko dute parte, hamaika helduen kuadrillak dira eta sei umeenak. Mozorro, joko eta abesti lehiaketak egingo dituzte.
Pilota partidari dagokionean, lau eta erdian ariko dira Laso eta Bakaikoa. Ondoren, berriz, binakako partida jokatu da: Urruti-koetxea eta Erasun, Artola eta Imazen aurka lehiatuko dira nor baino nor. Sarrerak 15 euroan salduko dituzte.
Olaberrian, hiru egun
Asteburuarekin doituta ospatuko dituzte San Joan jai nagusiak olaberritarrek, bihartik igandera. Hiru egun dira, baina egitaraua ez da makalagoa izango, haatik. Bihar, ostirala, haurrei zuzendutako ekitaldiak izango dira egunean zehar gehienak, bazkaria barne. Marrazki lehiaketako sariak arratsean banatuko dituzte, udaletxean.
Ohiturak agintzen duen bezala, loreak bedeinkatuko dituzte iluntzean, lehenik, eliz atarian. Ondoren, pregoia irakurri, suziria bota, eta festa lehertuko da. Beste ohitura bat gauzatuko dute gero:
San Joan arbola zutitzea. Aurten ahalegin berezia egin dute, tantaia altxatzeko herritarren taldea osatzeko. Izena eman behar zen, aurrez. Jaietako lehenengo jardunaldia Tsunami orkestrak girotuko du.
Larunbaterako, junior mailako Gipuzkoako 28. Itzuliak urteroko bisita egingo du. Olaberrian hasi eta bukatuko da 1. etapa (75 km). Lierni, Olaberria, Gabiria, eta atzera Lierni eta Olaberria igoko dituzte. 10:30ean hasiko da, eta 12:15 aldera bukatu.
Kirol kutsu nabarmena izango du zapatuak. Herriko San Joan pilota txapelketako finalak ere jokatuko dituzte, 2001-2011 artean jaiotako haurrek. Eskuz eta palaz, konbinatua izango da. Hiruko saskibaloia ere jokatuko da.
Jan-edanari dagokionez, bihar txerria burruntzian erreko dute, eta larunbatean arkume txuletak parrillan. Bigarren afarirako txartelak erosi behar dira (20 euro helduek, 10 umeek). Igandean, azkenik, sagardoa eta txorizoa aterako dute, nahieran.
Olaberriko festetako beste ikuskizun tradiziozko bat zapatu gauean da: su festa. Pirotecnia Zaragozana etxea etorriko da.
Goi mailako pala jaialdia ere antolatu dute, iganderako (12:00). Pala motzean, Xabier Ibarguren-Ibai Perez eta Beñat Ibarguren-Ibargarai lehiatuko dira. Gero, Gaubeka-Brefel eta Fusto-Skufca profesionalak.
Aurretik, beste hiru partida izango dira: Olaberriko Txapelketaren finala paleta gomaz Xabier Dorronsoro-Xabier Naldaiz eta Oier Azketa-Unai Garmendia bikoek (09:00); pala motzean erakustaldia Imanol Olaran-Ibon Altuna eta Argentinako selekzioko Facundo Kennedy-Juan Firpo; eta paleta larruz Garrido-Gari Arrieta, Carlos Dorato-Sebastian Andreasen argentinarren aurka.
Urretxun eta auzoetan
Aspaldiko erromeria dute Urretxun, San Joan egunekoa. Larunbatean Santa Barbara gainera igoko dira, eta eguna han pasatuko dute. Irimorako igoera korrika lasterketa izango da eguerdian, orientazio proba arratsaldean; erromeria, irrintzi lehiaketa eta herri bazkaria ahaztu gabe.
Goierriren luze zabalean, Telleriarten ere nabarituko da festa-usaina. Bihar bezperakoak dituzte, tartean ohiturazko lore bedeinkatzea. Mardulena larunbaterako utzi dute.
Baita Ataungo Arrondon ere. Baztarrika baserriko zelaian karpa bat jarriko dute, eta han garatuko dituzte ekitaldiak. Hiru hamarkada betetzera doa festa.
Ordiziako Otegienean ere bi egun bete-bete izango dituzte. San Joan badator, uda guztirako.