Mikel Aiestaran: «Urteetan komunismoa izan da etsai nagusia, gaur egun islama da»
Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak 14 urte daramatza Ekialde Hurbileko albisteak kontatzen. Jerusalemen bizi da. Orain, 'Oriente Medio. Oriente roto' liburua argitaratu du.


«Gero eta zatiketa eta harresi gehiago dago, gero eta arazo gehiago» «Argitaratu berri dudan liburua nik egin ditudan kontaketen kronika da»Liburuak helburu hori beteko du? Adibidez. Liburu hau nik egin ditudan kroniken kronika da. Herrialde bakoitzean puntu berezi batzuk hartu eta hortik tiraka egoera politikoa, herrialdearen egoera… azaltzen ditut. Eguneroko gauzak ere sartu ditut: bidaia aldetik, logistika aldetik, itzultzaileak… Lehenengo pertsona erabili dut, dena dago oranaldian… Normalean gure estilo liburuaren kontrako politika da hori. Guk beti hirugarren pertsona erabiltzen dugu, eta iraga-nean kontatzen dugu. Nik guztiz kontrakoa egin dut eta horregatik lan asko eman dit. Baina gustura gelditu naiz. Zergatik aukeratu duzu lehenengo pertsonan eta orainaldian idaztea? Pentsatzen dut beharrezkoa zela nik nahi nuen pultsua eta erritmoa lortzeko, eta irakurleak ere momentukoa ikusteko. Zaila da, hasieran ez nuen lortu. Bi edo hiru kapitulu idatzi nituen iraganean baina ez nion erritmoa aurkitzen. Beste proba bat egin nuen, eta nire ustez horrela hobeto gelditu da, baina hori irakurleek esan behar dute. 14 kapitulu, 14 urte eta 14 herrialde jaso dituzu. Herrialde batetik bestera joaten gara pasatzen. Progresio tenporala eta espaziala daude, herrialdetik herrialdera, urteak joaten dira aldatzen. Gauza asko gelditu dira kanpoan, gauza gehiegi. Guk ez dugu iritzirik ematen, ez dago iritzi asko liburu honetan, baina zerbait bai. Iritzi puntu bat ere sartu dut, ez gehiegi. Mendebaldeko hainbat herrialdetan gertatzen ari diren atentatuak nola bizi dituzu Ekialde Hurbilean? Jendea beldurtuta dago, oso beldurtuta. Pentsatzen genuen Ekialde Hurbilean gertatzen zena han geldituko zela, baina orain zalaparta hona heldu da. Pentsatzen dugu harresiak egitea nahikoa dela, baina ez da nahikoa. Eta pentsatzen dugu armadak bidalita eta bonbardaketak eginez, arazoa amaituko dela. Baina horrelako arazo bat bonbaz ez dugu konponduko. Orain arte eman diogun irtenbide bakarra militarra izan da. Sortu den gorrotoa handitzen doa, han eta hemen. Bertakoek zer esaten dute? Manchesterren eta Parisen gertatzen dena beraien ikuspuntutik justifikatuta dago: «Hau pasatu da, baina zergatik gertatu da? Hemen sekulako sarraskiak egin direlako, egunero bonbardaketak daudelako, zibilak egunero hiltzen direlako…» esaten dute. Muturreko taldeek oso ondo lantzen dute propaganda puntu hori. «Guk Manchesterren umeak hil ditugu baina amerikarrek umeak hil dituztelako…» diote. Eta zoritxarrez egia da. Dena den, kalean hango gehiengoa ez dator bat horrelako atentatuekin. Baina gutxiengo potente bat ados dago, pentsatzen dute gerra egiteko beste era bat dela, zeharkako gerra bat. Handitzen doa sentsazio hori, zabaltzen ari da, gazteen artean bereziki. Eta Donald Trumpekin? Beldur handia diot nik Trumpi. Estatu Batuetako presidentea da, ez da Maldivaseko presidentea. Trumpekin ez daukat itxaropenik, eta gainera beldurra ematen dit.