Ikergazte egitasmoaren barruan, Pasaiako portuan bizi diren arrainen sexu garapenean kutsadurak duen eragina aztertu du doktoretza tesia egiten ari den Ainara Valencia ikerlari gazteak.
Ainara Valenciak (Lazkao, 1990) Ikergazten
Burmuinaren eta gonadaren arteko harremanak ugalketaren eraenketan: gene esangarrien transkripzio-aldaketak Pasaiako Chelon lobrusus korrokoien gametogenesian ikerketa aurkeztu zuen. Biologian lizentziatua da eta Ingurugiroa, kutsadura eta toxikologia masterra egin ondoren, doktoretza tesia egiten ari da.
Zergatik aukeratu duzu Pasaiako korrokoien gaia ikerketarako?
Masterra egiten ari nintzenean bi tutoreekin hasi nintzen lanean. Beraiek hasita zeukaten lanean ikusten zen kutsatzaile batzuk hormona bezala lan egiten dutela, eta horrek ondorio batzuk eragiten dituela, batez ere arrainetan. Kutsatzaile horiek uretan daude eta arrainak denbora guztian beraiekin kontaktuan daudenez, beraiengan sortzen du efektua. Horrekin ari ziren lanean, batez ere, intersex delakoarekin. Nik masterra egin nuenean konparatu nituen araztegietatik gertu bizi ziren bi arrain populazio, Bilbon eta Gernikan. Orain, berriz, Pasaiako korrokoietan egin dut ikerketa. Kutsadurak batez ere korrokoi arrei eragiten die.
Zergatik aukeratu dituzu korrokoiak?
Korrokoiak kutsadura gehiena dagoen tokian bizi direlako eta efektuak begiratzeko ere errazago delako. Horrezaz gain, intersex egoera arrain horietan ikusi da garbi. Beste herrialde batzuetan beste arrain batzuetan eman da, baina hemen printzipioz korrokoietan bakarrik ikusi da.
Zeri deitzen zaio intersex?
Arrainetan sexu garapena modu desberdin askotan ematen da, espezieen arabera. Gehienak momenturen batean desberdintzen dira. Korrokoiak, adibidez, Bi urtera garatzen hasten dira obarioa edo barrabila. Suposatzen da, emeak eta arrak banatzen direla. Baina kutsatzaileen eraginez, beste seinale bat heltzen zaie eta arrainetan aldaketak eman daitezke. Seinalea biei iristen zaie baina harretan, dirudienez, eragin handiagoa dago. Justu kontrako seinalea iristen zaio denbora guztian eta barrabilean obuluak garatzen hasten dira. Beste arrain batzuetan naturalki ematen da; hau da, hasieran arrak dira eta gero emeak, edo alderantziz. Intersex deitzen zaie. Espezieen arabera, kanpoko faktoreen eraginez alda dezake sexua.
Zeintzuk izan daitezke kanpoko faktore horiek?
Adibidez, tenperatura baxua baldin bada garapena ematen ari denean, sexu batera edo bestera pasako da. Egoera sozialak ere eragina dauka espezie batzuetan: ar gutxiago baldin badago ar kopurua handitu egingo da, edo eme gutxiago baldin badaude eme gehiago hasiko dira garatzen.
Kutsadura ere bai, ezta?
Bai. Guk lana egiten dugu gene mailan baina laginak hartzerakoan arrainei behazuna ateratzen diegu eta kimikariei ematen diegu. Beraiek begiratzen dute zein kimiko dauden behazunean. Horregatik dakigu kutsatzaile batzuk dauden lekuan egoera hau gertatzen dela. Kutsatzaileak ezin dira uretatik kendu, ezin dira garbitu, beste kutsatzaile batzuk kentzen diren bezala, hauek ez. Molekulak oso txikiak dira. Eremu horietan ikusi da intersex egoeraren prebalentzia oso altua zela, Pasaian korrokoi arrak intersex bihurtzen direla kutsaduragatik.
Zeintzuk dira kutsatzaileak?
Gehienak plastikoaren sintexiarekin lotutakoak dira. Hidro karburoak ere bai. Fragantzia batzuk… Mendiko arropei jartzen zaizkien sustantzia batzuk, inpermeableak izateko edo usaina emateko… molekula guzti horiek, arropak garbitutakoan, uretara iristen dira eta ez dira oso onak.
Zein ondorio atera duzue?
Kutsadura dagoela argi dago, baina ez dakigu zein puntutaraino eragiten duen. Guk oraindik galdera asko dauzkagu honen inguruan eta ez dakigu erantzuten.
Korrokoietan intersexak dauden bezala, beste arrainetan zer?
Egon daiteke. Egia da kasu honetan kutsadurarekin etengabe daudela kontaktuan. Portuetan bizi direnez, portuetako kutsatzaile guztiekin daude eta normalean sedimentuetatik jaten dute. Eta azkenean kutsatzai-leak sedimentuetara joaten dira eta hor gelditzen dira.
Duela bi urteko Ikergazten ere parte hartu zenuen.
Bai, oso gustura parte hartu nuen lehenengo Ikergazten, eta gustatu zitzaidan. Berriz aukera atera zenean berehala erabaki nuen joango nintzela. Ikergazteren ideia asko gustatzen zait. Aurkezpen edo lan onenari saria ematen diote, arlo bakoitzetik bati, eta poster onenari ere eman diote. Orain dela bi urte, nik lortu nuen eta horri esker aukera eman zidaten Elhuyarren nire lana argitaratzeko eta hori ere asko gustatu zitzaidan. Artikulu luzeak idaztera gaude ohituta, hitz teknikoekin, aldizkari oso espezializatuetan argitaratzen baitira. Elhuyarren idaztea oso interesgarria izan zen, era ulergarrian idatzi behar nuelako. Aukera eman zidaten Elhuyarreko norbaitek aldaketa egiteko, baina nahiago izan nuen nik egitea. Kuadrillakoek irakurri zuten Elhuyar, eta dena ez, baina gehiena ulertu zuten. Beraz, Ikergazte oso garrantzitsua dela iruditzen zait, jendeak jakiteko ikerketak egiten ari direla hemen, gazteak ari direla ikerketan eta euskaraz ari direla lanean.