Bi proba nagusietarako dortsal banaketa bihar da, eta ‘pasta party’-a etzi. Aparkaleku nagusia Gipuzkoa plazan dago, 200 autorentzat, eta Igartzan 15 autokarabanentzako tokia jarri dute
Asteburuan ospatuko den Ehunmilak ultra-trailak ezinbestean eragingo du beasaindarren eguneroko martxan. Batez ere, aparkalekuek eta herriguneko bizilagunen sartu-irtenek sumatuko dute gehien martxa aldaketa hori. Hori guztia datozen egunetan Beasainen elkartuko diren 1.200 kirolariei eta haien laguntzaileei ahalik eta zerbitzu onena emateko moldatu da.
Gipuzkoa plazako aparkalekua, esaterako, erabat hustuta geratu behar da bihar goizeko, hilak 6, 11:00etarako. Bertan, Ehunmiletako parte hartzaileentzat 200 aparkaleku erreserbatu ditu antolakuntzak. Igartzan, Loinatz futbol zelaiaren ondoan, 15 autokarabanarentzako tokia ere gorde dute. Bi aparkaleku horietan ez da aparkatzerik egongo bihartik igandera bitartean. Ez dira horiek izango aparkaleku mugatu bakarrak. Gernika pasealekuko frontoiaren atzealdean zeharka dauden lehen lau aparkalekuak, eta Esteban Lasa kalean dauden beste lau aparkaleku ere ezingo dira erabili ostiraletik igandera.
Larunbatean eta igandean Beasaingo herri barruko zirkulazioa etenda geratuko da kale batzuetan, garajeetatik irten edo sartzeko kasuetan izan ezik. Hauek dira eragozpenak izango dituzten kaleak: Igartza Oleta, Dolarea, Zapatari eta Joan Iturralde kaleak, eta Mendeurren etorbidea. Horren aurrean, Beasaingo Udalak jarrita egongo diren seinaleei kasu egiteko deia egin du, eta era berean, antolatzaileek aginduei kasu egiteko.
Probetarako dortsalak
Ehunmilak ultra-trailean eta Goierriko Bi Handietan parte hartu behar duten korrikalariak bihar (17:00-20:00) has daitezke dortsalak jasotzen, eta etzi ere izango dute horretarako aukera, baina ordutegi ezberdinean: EHMkoek 10:00etatik 13:00etara, eta G2Hkoek arratsaldean ere bai, 18:30etik 20:30era. Igandeko Marimurumendi maratoiaren lasterkariek, aldiz, larunbatean (18:00-20:00) eta igandean (07:00-08:00) hartu ahal izango dituzte haien dortsalak.
Pasta party-a Igartzan jarriko duten karpan izango da ostiralean, 12:30etik 16:00etara. Paella, barazki menestra, makarroiak, jogurta, fruta, ijito besoa, ogia eta edaria eskainiko dute, doan, EHM eta G2H probetako parte-hartzaile guztientzat.
Lasterketa bukatutakoan, korrikalariek Antzizar kiroldegiko dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera izango dute. Horretarako, Beasainen herri barruko autobus zerbitzu berezi bat ere izango da. Aparkalekuak eta irteera-helmugak kiroldegiarekin batuko ditu zerbitzu horrek.
Autobus zerbitzua doan
Antolatzaileen beste helburuetako bat motordun ibilgailuen erabilera txikitzea da. Horretarako, hitzarmen bat sinatu dute Gurutze Gorriarekin, eta hainbat linea jarri dituzte martxan –ikus 9. orriko ordutegiak–. Lasterketetako korrikalari, beraien laguntzaile eta ikusleentzat dohakoa izango da zerbitzu hori.