Xabier Etxaniz: «Legazpin trikitia bogan dago, ikasle kopurua gehiagora doa»
Ofizioz arkitekto teknikoa da Etxaniz (Aizpurutxo, 1989) eta trikiti zein pandero irakaslea ere bada Legazpin. Etzi Euskal Herriko Trikitixa Txapelketan lehiatuko da.Etzi hitzordu garrantzitsua daukazu.Bai, 1991tik ez da 22 urtetik gorakoen trikiti txa...
Ofizioz arkitekto teknikoa da Etxaniz (Aizpurutxo, 1989) eta trikiti zein pandero irakaslea ere bada Legazpin. Etzi Markina-Xemeingo I. Helduen trikitixa txapelketan lehiatuko da.
Etzi hitzordu garrantzitsua daukazu.
Bai, 1991tik ez da 22 urtetik gorakoen trikiti txapelketa nagusirik egin Euskal Herrian. Aurten berreskuratu egin dute eta parte hartuko dut. Markinan (Bizkaia) izango da etzi, 22:00etan.
Hamaika bikotek eman dugu izena. Nik Ainara Saizar pandero jotzailearekin parte hartuko dut. Hamar urte dira ez naizela txapelketa batera aurkeztu.
Faboritoen artean zaudete.
Urte askoan soinua jotzen ikusi ez den jendea taula gainean ikusteko aukera izango da eta zaila da baloratzea.
Nola zabiltza txapelketaren prestaketekin?
Aspaldi eman genuen izena eta urruti ikusten genuen. Orain, gerturatu ahala, hortxe nabil kantuak aukeratzen. Neuk sortutako piezak jo nahi ditut eta ezin aukeratuta nabil. Lehen beti jotzen nituen besteenak eta orain erronka bezala hartu dut neureak jotzea.
Izan ere, txapelketatan ibilbide luzea egina duzu.
Bai. Trikitia ikasten hasi nintzen 7-8 urterekin. Niri gitarra gustatzen zitzaidan baina lehengusu batek trikitia nahi zuela eta haren arrimora hasi nintzen. Arantxa Mujika izan zen nire lehenengo irakaslea eta gero Xabier Alberdi Zabale-rekin jarraitu nuen eta txapelketetara aurkezteko prestatzen hasi nintzen 14-15 urterekin. Urte haietan guztira 21 bat txapelketa irabazi nituen. Zaldibarko (Bizkaia) Euskal Herriko Txapelketa lau urtez jarraian irabazi nuen.
Gero etena egin zenuen, nolatan?
19 urtera arte aritu nintzen eta gero etena egin nuen 22 urtetik gorakoentzat ez zegoelako aukerarik eta niri ikasketak tarteko ez zitzaidan ondo egokitu. 19 urtera arte aritu nintzen eta Zeanurin (Bizkaia) bi aldiz irabazi nuen 22 urtetik beherakoen txapelketa.
Trikiti eta pandero irakaslea zara Doinua musika eskolan.
Bai. Legazpin trikitia bogan dago, ikasle kopurua gehiagora doa. Aurten 25 ikasle izan ditut eta datorren urtean 13 gehiago izango ditut; panderoan 30 ikasle izango dira.
Aurretik Legazpi ezagutzen zenuen?
Ez. Legazpi bertan eskolak ematen hasi nintzenean ezagutu nuen. Korosti dantza taldearekin soinujole gisa aritzen naiz eta haiekin Sevillara joana naiz eta abuztuan Italiara goaz. Ikasleekin ere oso gustura aritu naiz eta kalejirak nahiz festak direla kalera atera naiz askotan. Umeak panderoa jotzen eraman ditugu eta panderoa bera haur haietako asko baino handiagoa zenez grazia egiten zuen.
Asko aldatu al da trikitia erakusteko era?
Nire garaian, Zabalerekin aurrez aurre jarri, eta berak jotzen zuena errepikatzen nuen nik. Orain ez dago hori egiterik, oraingo ikasleek partiturak nahi dituzte eta akaso hori da zailena, beraiek motibatuko dituzten kanten partiturak ateratzea.
Zein kantak motibatzen ditu?
Untzaren kantak. Nik, halere, kantak sortzen jarri ditut. Ez dut arrakasta askorik izan, baina talde batek sortu du bere kantua eta sekulako lorpena izan da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.