Jon Aizpuru beasaindarra bigarrena izan da bere denborarik onena eginda; Felipe Artigue hirugarrena izan da
Jabi Domingez gasteiztarra helmugara sartu da Alberto Zerainen izena idatzita zuen oihal bat eskuetan, lagun zuen mendigoizaleari eskaini dio Ehunmilakeko garaipena. Ez da nolanahikoa izan, marka guztiak hautsi baititu aurtengoan Domingezek (22:22:03). Laugarren txapela da gasteiztarrarentzat.
Goierriko lasterketa asko gustatzen zaiola esan du Domingezek, “berezia da niretzat eta ahal dudan guztietan hemen izango naiz”. Iaz galdu egin zen Etzegaraten eta aurten galdu zen tokian zinta zabal bat topatu duenean jakin du hartu beharreko bidea zein zen. Hala ere, lainoa barruraino sartuta zegoela eta bi aldiz galdu da Domingez eta horiek izan dira lasterketako unerik zailenak. Gozoenak egunsentia Txindoki inguruan ikustea.
Bigarrena Aizpuru
Bigarrena izan da Jon Aizpuru beasaindarra eta berak ere Alberto Zeraini eskaini dio garaipena, baita neskalagunari eta senideei ere. Bere marka askotik hobetu du, ordu eta berrogei minutu lehenago sartu da aurten helmugan (23:14:38). Elkarrekin ibili dira tarte batean Domingez eta Aizpuru Ganboa inguruan. Domingez galdu denean aurrea hartu dio Domingezek, baina beasaindarrak esan duenez bazekien bere lehia ez zela lehenengo postuagatik, “Domingez maila bat gorago baitago, niretzat zortea izan da berekin batera joan ahal izatea”.
Hirugarrena Felipe Artigue izan da 23:53:45. Miranda de Ebroko (Gaztela) korrikalariak gaua “gogorra” izan dela esan du, “laino itxiak ez zuen ikusten uzten eta galtzea erraza zen”. Azken 50 kilometroetan egurra eman diola esan du, “norbaitek pasako zidala pentsatu dut ordura arte, baina inor ez zetorrela ikusita egurra eman dio”.
Gurutze Gorritik adierazi dutenez, aparteko larrialdirik ez da gertatu. Arratsaldeko bostetako datuak hartuta, lau pertsona eraman dituzte ospitaletara eta 50 inguru bertatik bertara artatu.