Udazken hasieratik uda betera aurreratu dute Zegamako Ehiza eta Natura azoka. Hirugarren edizioa da aurten. Erakustaldiak eta lehiaketak egingo dira, eta 30 postutik gorako azoka ere bai
Gipuzkoa mailan antolatzen den Ehiza eta Natura azoka bakarra larunbatean, hilak 15, egingo da Zegaman, hirugarren urtez. Aurtengo berritasun nabarmenenetakoa data aldaketa da. Aurreko bi edizioak irail bukaera-urri hasiera aldera antolatu du Zegamako Karraztarro elkarteak, baina aurtengoa uda bete-betean izango da.
Denis Perez eta Aritz Olaziregi elkarteko kideek eta Joseba Izagirre alkateak aurkeztu dute aurtengo edizioa. Udalak ehizaren aldeko jarrera duela adierazi du Izagirrek, «baina beti ere natura zainduz». Aurreko edizioetara «jende asko» inguratu dela gaineratu du alkateak, eta ehiztariak ez direnentzat ere azoka «erakargarria» dela.
Ekitaldi esanguratsuenetako bat basurde zakurren arrasto erakustaldia izango da. Harkaitz Etxarrik baliza batzuetatik basurde bat pasatuko du, eta ondoren zakurren txanda izango da. Baliza gehien asmatzen dituen zakurra nagusituko da. Arretxeko lurretan egingo da.
Postu ugari pilotalekuan
Egun osorako programa osatu dute, eta horren osagarri, 30 postutik gorako azoka jarriko dute pilotalekuan. Bertan, ehizarekin zerikusia duen materiala erosteko aukera izango da.
III. Ehiza eta Natura Azoka
· 10:00. Basurde zakurren arrasto erakustaldia.
· 11:45. Muestra zakurrak.
· 12:30. Karraztarro 2017 plaken banaketa.
· 12:45. Euskal erbizakurren 25. monografikoa.
· 12:45. Arku tiraketa.
· 16:00. III. Karabina txapelketa.
· 17:00. Arku tiratzaileen eta plater tiratzaileen arteko desafioa.
· Egun osoan zehar. Falkoneria, tiro simulatzailea, haur jolasak eta zakurren erakusketa (Euskal erbizakurra, Villanoa, Jag Terrierra, Setter Inglesa…).