Mutiloako Lurpe zabortegira bidean, egunero Ormaiztegitik pasatzen den «kamioen joan-etorri handiaz» ohartarazi du Goierri Birzirik plataformak
Mutiloako Lurpe zabortegiak eta bertara doazen kamioiek sortutako kezka ikusita, Goierri Birzirik plataformak informazio gunea antolatu dugu gaur Ormaiztegin. Goizeko 06:00etatik 18:00etara, hamabi orduz egon dira Mutiloako bidegurutzean. Herritarrei informazioa eman eta galdetegiak banatzearekin batera, egunean zehar zenbat kamioi pasatzen diren kontatu dute. Guztira, zabortegia irekita dagoen 12 ordu horietan 100 kamioi zenbatu dituzte.
Goierri Birzirik plataformaren ustez «beharrezkoa» izan da gaurko ekintza, «herritarrak informatu eta euren kezkak eta zalantzak» argitzen saiatzeko. Izan ere, «inongo arduradun politikorik ez da hurbildu herritarrengana inolako informaziorik ematera» eta plataformaren ustez, «gaiaren larritasuna» ere ez dute aintzat hartu. Egunean zehar informazio puntura gerturatu diren herritarrek «ahalegina asko eskertu» dutela ere azpimarratu dute.
Kamioi kopuru handia
Informazio gunea bidegurutzean jarri izana probestuz, bertatik bertara ikusi ahal izan dute plataformako kideek «zabortegiaren ondorioz herrian dagoen kamioien joan-etorri handia». Zabortegia irekia dagoen 12 orduetan (06:00-18:00) 100 kamioi zenbatu zituzten atzo. Hala, «garraio astunaren eragina jasangaitza» dela salatu du?Goierri Birzirik taldeak.
Elkarretaratze batekin bukatu dute eguna; dozenaka lagun bildu dira bidegurutzean, informazio puntuaren eta 100 zenbakia erakusten zuen kartelaren ondoan. Goierrik ez duela «horrelako bidegabekeriarik merezi» salatu zuten plataformako kideek. Herritarren «osasuna eta ingurumena errespetatuko dituen hondakin kudeaketa adostu bat» aldarrikatu dute beste behin, eta bide horretan «lanean eta borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa» azaldu dute.