Andorran jokatuko den mendiko lasterketen munduko txapelketan parte hartuko du Irati Zubizarretak, junior mailan. Hilaren 28an kilometro bertikala du eta 30ean, 21 kilometrokoa.
Irati Zubizarreta korrikalaria (Beasain, 1998) astelehenean Andorrara joango da, mendiko lasterketako munduko txapelketara; hilaren 28an, kilometro bertikalean parte hartuko du eta 30ean, 21 kilometroko lasterketan. Espainiako selekzioarekin parte hartuko du, nahiz eta dDenboraldian zehar, Euskal selekzioarekin eta La Sportiva taldearekin ere aritzen den.
Munduko txapelketara joatea, egindako denboraldi onaren ondorioa al da?
Ez, ezustekoa izan da. Kroseko denboraldia ez nuen oso ona izan, baina mendian hasteko gogo handia neukan. Oso motibatuta hasi nintzen, baina lesionatu egin nintzen. Ekainaren 25ean Espainiako txapelketa zen, bi aste neramatzan ondo entrenatzen eta azkeneko as-tean eman nuen izena. Probatzera joan nintzen. Gertu zelako [Zumaian] animatu nintzen. Lehiatzeko, korrika ondo egiteko antsia nuen. Lau samarra zenez, belaunerako hain gaizki ere ez zela joango pentsatuta, parte hartu nuen. Izugarrizko karrera egin nuen, oso azkarra atera zitzaidan, oso indartsu sentitu nintzen eta irabazi egin nuen. Garaipen hartatik, Espainiako selekziotik deitu zidaten munduko txapelketara joateko.
Hiru hilabetean korrikarik egin gabe egon eta ez zenuen marka makala egin.
Ez naiz geldirik egotekoa eta beste kirol batzuk egin nituen, batez ere bizikleta, eta, itxuraz, forma ez nuen hainbeste galdu. Nik uste dut bizikleta izan dela gakoa. Baina horrezaz gain, gogoa izan da beste gako bat. Espainiako txapelketan ezer espero gabe atera nintzen, gozatzera irten nintzen. Munduko txapelketari begira, erritmoa hartzeko joan nintzen. Ezustekoa izan zen irabaztea.
Andorrara zein helbururekin zoaz?
Hilaren 28an Comapedrosa mendiko kilometro bertikala egingo dut eta igandean, 21 kilometrokoa. Oso aldapatsua da, eta ibilbide laua nahiago izaten dut nik. Orain oso ondo ari naiz entrenatzen, baina ez dut astirik eduki ondo entrenatzeko. Espektatibarik gabe noa. Badakit desnibel horietan okerrago ibiliko naizela Zumaian baino. Ikusiko dugu, baina oso motibatuta nago, izugarrizko gogoarekin noa. Presiorik gabe, gozatzera noa, ikusiko dugu nola ateratzen den. Gainera, Andorran ez naiz sekula izan.
Kilometro bertikala eta maratoi erdia bi modalitate desberdin dira. Zein duzu nahiago?
Oso-oso desberdinak dira. Kilometro bertikala behin bakarrik eginda daukat, Asturiasen. Baina biek dute grazia. Jaitsierak asko gustatzen zaizkit. Gozatu, benetan, jaitsieratan gozatzen dut, abiadura hartzen dudan momentu horietan. Kilometro bertikal batean gehienetan oinez egin beharra dago, gora eta gora. Baina goraka zoazeneko sufrimendu puntu hori ere gustatzen zait, buruak gorputzak baino gehiago agintzen duenean ere ederra da.
Junior mailan ari zara, junior mailan gazteenetakoa izango zara.
Bai. Juniorretan lau urte dira, aurten bigarren urtea dut juniorretan. Iaz ere Espainiako txapelketa irabazi nuen, gazteena nintzela. Adin tarte handia da, eta mendian oraindik eta gehiago nabaritzen da. Geroz eta helduago izan, geroz eta fondo gehiago, gero eta erresistentzia gehiago duzu.
Krosean eta errepidean ere aritzen zara.
Errepidea ez zait gustatzen; Behobia bezalako lasterketa esti-loak ez nau batere motibatzen. Itogarriak iruditzen zaizkit. Asfaltoa ere ez zait gustatzen. Krosa bai, gustatzen zait, azkarrak dira eta.
Eta pista?
Ez, ez zait gustatzen erlojuaren menpe egotea. Ez zait gustatzen satisfakzioa garaipen edo denbora bat lortu dudalako bakarrik izatea. Mendian aniztasun ge-hiago dago; mendiko karrera batean lehenengoak adina gozatu dezakezu. Mendian giro sanoagoa dagoela iruditzen zait. Gustuen mendian ibiltzen naiz.
Beasainen mendiko lasterketa garrantzitsuak daude.
Askok galdetzen didate ea Ehunmilak lasterketan aterako naizen. Gustatuko litzaidake, baina zaharra naizenean, oraindik oso gaztea naiz, eta momentuz ez nau motibatzen. Niri korrika egitea gustatzen zait, ez hainbeste kilometro oinez egitea. Horretarako mendi martxak ditut.