Urtzi Arrondok jarraituko du entrenatzaile postuan. Talde nagusiaren prestatzaile fisikoa izateaz gain, Beasain KE-ren kirol egituraren arduraduna izango da Unai Zurutuza
Loinatz futbol zelaian belar artifiziala jartzeko lanak egiten ari direnez, Hirugarren mailako Beasain futbol taldeak Igartza futbol zelaian egin zuen atzo 2017-2018 denboraldiko taldearen aurkezpena eta lehenengo entrenamendua. Abuztuaren 26an hasiko du denboraldia; aurretik, lau partida jokatuko ditu denboraldia prestatzeko. Urtzi Arrondok jarraituko du entrenatzaile postuan. Arrondoren esanetan, azken hiru urteetako helburu bera dute hurrengo denboraldirako: sailkapeneko goial- dean egon eta 2. B mailara igotzeko play offetako postuetarako borrokatzeko aukera izatea. Lau fitxaketa egin ditu taldeak: Joanes Otamendi, Mikel Aizpurua, Ibon Gonzalez eta Iban Balerdi. Azkeneko denboralditik, berriz, sei baja ditu: Imanol Irazustabarrena, Aitor Imaz, Ion Aranda, Unai Etxeberria, Jon Ander Perez eta David Asensio.
Zurutuza, kirol zuzendaria
Unai Zurutuzak jarraituko du Hirugarren mailako taldearen prestatzaile fisiko lanean. Horrekin batera, klubeko talde guztien kirol egituraren arduradun nagusia ere izango da denboraldi berrian. «Jokalari, entrenatzaile eta, azken batean, kirol kudeaketa osoaren ardura hartuko du bere gain kirol zuzendari berriak», zehaztu du Beasain KE-k.
AURREDENBORALDIA
· Abuztuak 2. Irunen, Real Unionen eta Hernaniren aurka.
· Abuztuak 9. Gasteizen, Vitoriaren aurka.
· Abuztuak 12. Azkoitian, Anaitasunaren aurka.
· Abuztuak 19. Tolosan, Tolosaren aurka
FITXAKETAK
· Joanes Otamendi (Lagun Onak)
· Mikel Aizpurua (Arrasate)
· Ibon Gonzalez (Hernani)
· Iban Balerdi (Tolosa)