Legazpiko Makatza baserriko Ines Argaratek eta Aitor Mantxolak Gipuzkoako gazta onenaren saria jaso dute Legazpiko Artzain Egunean. Urteak dira Legazpin bertan ondutako gazta batek ez zuela saria jasotzen eta ustekabean harrapatu ditu Makatzakoak, Ines Argarate: “Ez genuen inondik ere espero”. Mantxolak Argarateren hitzak berretsi ditu. Lehiaketara aurkeztu duten gaztak bazuen berezitasun bat. Izan ere, ketutako gazta aurkeztu dute eta Makatzako gaztandegian gaztak ketzen dituzten lehen urtea da. Argarate: “Esneari azido gehiegi sumatu nion edo ez-dakit-zergatik baina gazta sorta bat ketzea erabaki nuen apirilean eta halako batek 4. saria jaso zuen Plentzian (Bizkaia), ondoren gazta denak ketu genituen”.
Aitor Mantxola gazteak hartu du orain baserriko lema eta hala Mantxolak nola Argaratek gaurko egunez Legazpi sorterrian jasotako sariak aurrera egiteko gogoa sortu diela esan dute. Argarate: “Hurrengo gazta ketzeko beldurrik ez dugu izango”. Makatzako gazta eta Legazpin aurkeztutakoen artean lehenengo hamar postuetan egon direnak Euskal Herriko gazta txapelketara aurkezteko aukera izango dute.
Bestelakoan Legazpiko Artzain Egunean iaz baino jende gehiago ibili da. Beharbada, Euskal Artzainak Ameriketan bilkurak bisitariak biderkatu dituelako izan da, baita eguraldia lagun izan dutelako gaur Legazpin.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.