Gure Esku Dagoren egitasmoak ‘Kataluniarekin bat, guk ere erabakiko dugu’ goiburua izango du . Amaierako ekitaldia Beasaingo plazan egingo dute, lekukoa iritsi ondoren.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Goierriko Gure Esku Dago taldeak antolatuta, urriaren 22an, igandean, giza katea osatuko dute goierritarrek Kataluniarekin bat, guk ere erabakiko dugu goiburupean: «Goierritarrek elkarri eskua eman eta guk ere erabakiko dugula ozen adieraziko dugu».
Hilaren 22an, 12:00etan hasita, bi zutabeetako giza katea osatuko dute: bat, Lazkaotik Beasainera artean eta bestea Ordiziatik Beasainera bitartekoa. Behin giza kateak osatutakoan, 12:20ean, giza katearen bi ertzeetatik lekuko bana aterako da eta lekukoak eskuz esku joango dira Beasaingo Loinazko San Martin plazaraino. «Lekukoek aurrera egin ahala katea desegiten joango da. Horrela, guztiok elkarrekin lekukoaren atzetik bidea egin, eta Beasaingo plazan egingo den ekitaldian elkartuko gara», diote Gure Esku Dagokoek.
Kataluniarrei elkartasuna
Kataluniako herritarrei «elkartasunik beroena» adieraztea izango da giza katearen helburuetako bat, eta «bide honetan ez daudela bakarrik, une oro alboan izango gaituztela» jakinaraztea. Ildo horretan, Kataluniako herriak munduari emandako «duintasun irakaspena» nabarmendu du GED-ek: «Urriaren 1ean milioika herritarrek euren erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten Katalunian. Trabak traba eta oztopoak oztopo, Kataluniako herriak duintasun irakaspen bat eman zion munduari. Milaka herritar hautetsontzien defentsan, milaka herritar demokraziaren defentsan».
Une historikoa
Bigarren helburu bat ere badu hilaren 22ko giza kateak: «Gure etorkizuna, gure eskuetan hartzeko unea» dela aldarrikatzea: «Une historiko baten aurrean gaude. Gertatzen ari da, eta gu geu izan gaitezke protagonista. Guk geuk, idatzi dezakegu historiarako orri berri bat. Gure etorkizuna, gure eskuetan hartzeko unea da». GEDren esanetan, «guk ere, kataluniarrek bezala, gure etorikizuna aske eta demokratikoki erabaki nahi dugu».
Norabide horretan «pausoa sendoak emateko unea da» dela uste dute: «Erabakia gauzatzera eramango gaituzten pausoak, elkarrekin adostuko ditugu. Bidea egingo dugu. Eta bideak egingo gaitu». Aurretik ere pauso asko eginda daudela gogoratu dute, «baina oraindik bide luzea dugu egiteko». Bide horretan, hurrengo geltokia urriaren 22an finkatu dute, Ordizia, Beasain eta Lazkao elkartuko dituen giza katean.
Giza katea
Giza katea 12:00etan hasiko da, eta bukaerako ekitaldia Beasaingo plazan egingo dute 13:00etan.
Lazkao- Beasain artean: 13 herri. Lazkao, Ataun, Idiazabal, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Mutiloa, Segura, Zerain, Zegama, Urretxu, Zumarraga eta Ormaiztegi.
Ordizia- Beasain artean: 10 herri. Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, Gaintza, Arama, Altzaga, Legazpi, Olaberria eta Beasain.