Iztuetaren jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen gaur hasiko dira Zaldibian
Jose Inazio Antsorenak eta Aitor Furundarenak hitzaldi musikatua egingo dute gaur. Erakusketa zabalduko du Iztueta elkarteak. Dantza izango da egitarauaren ardatz
Iztueta dantza biltzaile eta maisu izanda, pisu berezia izango du espresiobide horrek. Herriko dantzariek —lehengoek eta oraingoek— larunbatean dute saio berezia, Resti frontoian. Azaroaren 26an, berriz, ekitaldi arranditsua egingo dute Zaldibian. Donostiako Udal Txistulari Taldea, Zaldibiako txistulariak eta ingurukoak elkartuko dira, baita Euskal Dantzarien Biltzarrak deitutako taldeak ere. Plazatik Txamarretxera joango dira segizioan, eta atzera enparantzan, Iztuetari omenaldia egingo diote, hark ahanzturatik erreskatatutako dantzak eginda.
Azkenik, urtemuga egunean, hilaren 29an, Gipuzkoako herri askotan dantza-saio bateratuak egingo dituzte, 18:30ean. Zaldibian ere bai, noski, tartean. Txamarretxeko plazatxoan izango da, Juan Inazio Iztuetaren jaiotetxearen aurrean.
EGITARAUA · Gaur: Jose Inazio Ansorenaren hitzaldia, Aitor Furundarenak lagunduta. 18:30ean, Karreanen. · Abenduaren 29ra arte. Erakusketa Karreanen. Astegunetan (17:00-19:30) eta asteburuetan (10:00-12:00). · Azaroak 18. 12:00etan, Irakurketa ibiltaria, Mugertza eta Txamarretxe artean. 18:00etan, oraingo eta lehengo dantzari zaldibiarren saioa. · Azaroak 23. Gerardo Elortzaren hitzaldia. 18:30ean, Karreanen. · Azaroak 26. Dantza erakustaldia, 12:00etan, plazan. · Azaroak 29. Dantza saioak Gipuzkoako herrietan. Zaldibiakoa Txamerretxen izango da, 18:30ean.














