Hezkuntza arloan egiten ari diren lanuzte eta protesten barruan, sukaldeetako eta garbiketako langileen txanda da aste honetan. «Lan gogorra» dela dio Beasainen lan egiten duen Lierni Telleria zegamarrak.Garbitzaileek eta sukaldeetako langileek greba...
Hezkuntza arloan egiten ari diren lanuzte eta protesten barruan, sukaldeetako eta garbiketako langileen txanda da aste honetan. «Lan gogorra» dela dio Beasainen lan egiten duen Lierni Telleria zegamarrak.
Garbitzaileek eta sukaldeetako langileek greba egingo duzue gaur. Zein da zuen lan egoera?
Lan karga handia dugu, gurea oso lan fisikoa da, egunean bederatzi ordu egiten ditugu zutik, eta adin batetik aurrera gogorra egiten da.
Lan hitzarmena berritu gabe duzue 2008. urtetik.
Bai, urte asko dira, gehiegi. Eta aurreko hitzarmena ere eskasa zen. Funtzioak ondo zehaztu gabe daude eta bai guri eta bai garbitzaileei, denetik egitea tokatzen zaigu.
Jangelen sektorean, pribatizazioa ere gero eta handiagoa da, ezta?
Gure kasua berezia da, esperientzia pilotu bat delako. Guk erosi eta prestatzen dugu jan guztia. Lehen janariak prestatuta ekartzen zituzten, jangela gehienetan bezala, baina gurasoek hori aldatzeko indar handia egin zuten, eta gu hasi ginen dena egiten. Gero aldaketak egon ziren, baina azkenean, proiektu pilotu batean sartzea lortu genuen; hiru probintziatan jangela bana dago proiektu horretan, eta gu gara horietako bat. Baina okerrena da ikasturte bukaeran beti egoten garela zalantzan, ez dakigulako sistema horrekin jarraituko dugun edo lehengora aldatzea eragingo diguten.
Lan karga aipatu duzu. Nola dago ratioen kontua zuen sektorean?
Gurean 3 lagun gaude 200 lagunentzat. Ratioak ere aldakorrak dira; hitzarmenak dio sei orduko langile batek 22-44 lagunentzako egin dezakeela lan, baina kopuru batetik bestera alde handia dago. Eta lan gehiago egin arren, hori ez da kontuan hartzen ra-tioetan.
Azken urteetan asko aldatu dena, menuen kontua da. Gaixotasunak eta erlijio kontuak direla medio, menu ezberdinak egin behar izaten ditugu. Jangela batzutan 10 menu ezberdin prestatzen dituzte, eta horrek, gainera, erantzukizun bat du, ezin duzulako hutsegiterik egin. Eta hori ere ez da kontuan hartzen ra- tioak zehazteko garaian.
Eta ordezkapenen kontua, nola dago zuenean?
Sukaldarien kasuan hainbestean. Gertatu izan zaigu bezperan eskatu eta hurrengo egunean inor ez bidaltzea ere, baina orokorrean nahiko ondo funtzionatzen du. Nola lan karga handia dagoen, oso zaila da langile bat gutxiagorekin egun bat pasatzea, eta normalean egun berean ez bada, egun batetik bestera bidaltzen dute ordezkoa.
Zuen sektorean behin-behinekotasun handia dagoela diozue. Zertan atzematen da hori?
Jangela askotan, sukaldari finkoez gainera, laguntzaileak daude. Laguntza kontratua izaten dute, eta gehienez urtean 9 hilabetez lan egin dezakete. Horrek esan nahi du irailean ez dugula laguntzailerik izaten; guretzako garairik gogorrena izaten da, eta urria iristeko desiatzen egoten gara. Gainera, toki askotan laguntzaile kontratua urtez urte errepikatzen da, baina ez dituzte langile finko bihurtzen. Horren atzean Eusko Jaurlaritzaren erabaki politiko bat dago, pribatizazioaren aldeko apustua egiten ari dira eta.
Zein dira zuen aldarrikapenak?
Kontratuen hamarretik sei behin-behinekoak dira, eta hori aldatzea eskatzen dugu. Lan kargak handiak dira eta ratioak ere behar bezala bete behar dira, eta laguntzaileen kontratuen egoera hobetu. Soldatak ere azken mailakoak dira, eta ditugun ardurak ez dira kontuan hartzen. Gurea lanpostua fisikoa da, eta gogorra, baina laneko gaixotasun bakarra onartzen zaigu, tunel karpianoarena. Egun osoa zutik egoten gara, eta pisuarekin ere lan egiten dugu, baina hori ez da kontuan hartzen.
Gure ikastetxean egiten den bezala, gainontzekoetan ere eroste ahalmena berreskuratu behar dela uste dugu, ez baita kalitate bera prestatutako janariena edo egunean bertan erositakoena. Eta erretiroena, niri adibidez gutxi gelditzen zait, eta hori hobetu behar da. Sektore honetako langile gehienak 50 urte inguruan dabiltza, eta errelebo kontratua hartzeko langile finkoa izatea eskatzen dute. Horrek aldatu egin behar du.