Abenduaren 31n utziko dio Pello Olaberriak (Mutiloa, 1994) txirrindulari profesional izateari; urte berriarekin batera, Polartek Cometa Contador Fundazioa taldean masajista lanetan hasiko da.
Txirrindularitza utziko du Pello Olaberria mutiloarrak, abenduaren 31n bukatuko baitzaio Euskadi Muriasekin duen kontratua. Txirrindutik jaitsiko bada ere, txirrindularitzarekin estuki lotuta jarraituko du: urtarrilaren 1etik aurrera, Polartek Cometarekin (Contador Fundazioa) sinatuko du kontratua, masajista lanean aritzeko.
Zein izan da txirrindularitza uzteko arrazoia?
Aurten Continental Profesional mailara igo da Murias eta nik ez dut lekurik. Beste talderen bat bilatzen saiatu naiz baina ez dago ezer ere. Egon bai, baina baldintza txarretan. Italian talde asko daude; profesionalak deitzen zaie, baina ez dute kobratzen. Gu alde horretatik, ondo egon gara Muriasen. Ampokoek esaten zidaten berriz ere afizionatuetara jaisteko, baina bizitzeko dirua behar da. Txirrindularitzan gainera, murrizketak egingo dituzte aurten.
Zein murrizketa?
Orain karreretan txirrindulari bat gutxiago jarri dute taldeko, tropela 200dik 176ra jaitsi nahi dute. Itzuli handietan, orain arte bederatzi txirrindularikoak izaten ziren taldeak eta hemendik aurrera zortzikoak izango dira; beste karrera guztietan, berriz, taldeak zazpikoak ziren eta orain seikoak egin nahi dituzte. Segurtasunagatik egin nahi dutela esaten dute.
Zuk nahi baino lehenago iritsi da bukaera, beraz.
Nik baneukan jarraitzeko esperantza. Bi urtean ez dut emaitza handirik lortu, baina urtetik urtera hobetzen joan naiz. Aurten, ihesaldi askotan ibili naiz, aurpegia eman dut askotan, eta taldean ez dut asko ikusi nik baino gehiago egin duenik. Borroka asko egin dut, eta egia esan min handia eman dit kanpoan gelditzeak 23 urterekin. Baina ez dago besterik.
Sentipen gazi-gozoarekin gelditu zara?
Bai. Murias mailaz igoko da eta datorren urtean Euskal Herriko Itzulian, Espainiako Itzulian, Donostiako Klasikan… parte hartzeko aukera izango genuen. Baina Murias eskertu beharrean nago, betiko ametsa betetzeko, profesionaletan aritzeko, aukera eman dit eta. Nire idolo guztiekin korritu dut.
Hala ere, txirrindularitzarekin lotuta jarraituko duzu.
Nola edo hala, txirrindularitza munduan jarraitzea zen nire helburua, eta lortu dut. Contadorren anaiak eskaintza bat egin dit Contador Fundazioarekin lan egiteko. Masajista ikasketak egin ditut eta ni nahi ninduela esan zidan, oso baliotsua izango zela nire ekarpena. Polartek Cometa izango du aurten izena Contador Fundazioak. Jubenil eta 23 urtez azpiko taldea zeukaten orain arte, eta orain profesionaletako taldea ere atera du, Continentalekoa. Zuzendari izateko ikasketak ere egin ditut. Masajista bezala ariko naiz gehienbat, baina egunen batean behar izanez gero, zuzendari ere ariko naiz. Gustura nago lan berriarekin, oso talde serioa da. Datozen lau urterako babesleak lortuta ditu eta hiru-lau urtera goren mailako taldea ateratzea du helburu. Badakit txirrindulari batek zer behar duen eta saiatuko naiz behar duena ematen, niri gustatzen zitzaidana eduki dezatela.
Mutiloatik urrundu egingo zara pixkatxo bat.
Denboraldi luzeak egingo ditut bai etxetik kanpo. Karrera eta karrera artean etxean egongo naiz, Madrilen ez dago hemen bezalako lasaitasunik. Saiatuko naiz hemengo lasterketara etortzen; Ordiziara etorriko gara eta 23 urtez azpikoekin ere lotu nahi ditut Zegamara, Beasainera eta Segurara etortzeko.
Entrenamenduen falta somatuko duzu?
Oraindik ere egunero ateratzen naiz entrenatzera Jon Anderrekin [Insausti]. Etxean nagoenean, Jon Anderrekin, Jonekin eta Gorkarekin [Izagirre] jarraituko dut entrenatzen. Orain, korrika eta mendian nabil, orain arte egin ezin ditudan gauzak egiten. Lehen ezin nuen beste kirolik egin eta oso gustura nago.
15 urte egin dituzu txirrindularitzan. Zerekin gelditzen zara?
Dena eman dit txirrindularitzak. Hasieran jolas bat bezala hasi zen, Mutiloan eroaren pare ibiltzen ginen bizikletarekin. Karreretara joaten hasi ginen gero, ondo eta ondo ibiltzen ginen, gero eta gehiago gustatu, gero eta gehiago entrenatu, eta azkenean, profesionaletara ailegatu. Txirrindularitzak lagun asko eman dizkit, bizitzeko beste pentsaera bat eman dit: ikasi dut sufrimendua dela aurrera egiteko gakoa eta sufrimendurik gabe ez dagoela ezer ere.
Zure palmaresean, garaipenak ere ugariak izan dituzu.
Batez ere jubeniletan eta kadeteetan. Euskadiko txapelduna izan nintzen pistan zortzi aldiz. Jubeniletan Gipuzkoako Itzulia irabazi nuen eta aparte beste zortzi lasterketa eta Euskadiko txapelketa. Ziklo-krosean azpi txapeldun Espainiako txapelketan eta Euskadiko txapeldun. Bigarren urteko jubeniletan pista utzi egin nuen alde batera; bat aukeratu behar nuen eta ziklo-krosa aukeratu nuen. Afizionatuetan, Contadorren taldean lan egitea tokatzen zitzaidan niri, lider bat geneukan eta talde serioak ziren. Emaitzarik ez nuen lortu, baina uste dut lan ona egiten nuela. Eta Muriasen ere egindako lanarekin gustura nago.