Erreparazioaren helburua indarkeriaren biktima guztiz osatzea da. Bailarako ikastetxeen inplikazioari azpimarra egin diote. Gazteen parte hartzea Beldur Barik kanpainan handia izan da
Goierri garaiko lau udaletako ordezkariak Legazpiko udaletxean elkartu ziren atzo azaroaren 25eko adierazpen instituzionala egiteko. Adierazpenean erreparazioari arreta eman zioten lehenengoz. Lau konpromiso hartu zituzten, tartean, erreparazio-eskubidea agenda politikoan sartzea.
Izan ere, adierazi zutenez emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzeaz gain, esku-hartzearen plano guztietan jardutea beharrezkotzat jotzen dute. Plano horiek prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia eta erreparazioa direla adierazi zuten. Erreparazioaren helburua indarkeriaren biktimak guztiz osatzea dela esan zuten.
Aurtengoan ere emakumeen aurkako indarkeriak izaera estrukturala duela nabarmendu zuten eta indarkeria mota horretatik libre egongo den gizarte baten alde lan egiteko konpromisoa agertu zuten. Bide batez, udaletan egiturazko planak eta neurriak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten, baita emakumeen aurkako indarkeria gizartetik desagertu dadin beharrezkoak diren baliabideak dagozkien erakundeen zein elkarteen eskura jartzeko konpromisoa agertu ere.
Beldur barik
Ikastetxeetan gaiaren inguruan egiten ari diren lanketari azpimarra egin zioten. Aurten azaroaren 25a larunbata izanda, astean zehar ekintzak burutzen ari dira ziklo bakoitzari egokituta: sentsibilizazio ekintzak, manifestuen irakurketa, erakusketak, flashmobak, musika ez sexistaren inguruan egindako lanen azterketa…
Bailarako eskoletan, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako
Denok Zu! kanpaina lantzen ari dira. Sozializazio eta sentsibilizazio kanpaina horretan 9 eta 12 urte bitarteko umeak ari dira lanean; guztira, 2.000 haur lurralde osoan. Genero indarkeria zer den adierazten zaie, jatorriari eta sailkapenari buruz ere hitz egiten diete. Besteak beste, tratu onak eta enpatia jorratu dituzte eta tratu on horien baitan besteei zor zaien tratuaz aritzeaz gain, nork bere buruari zor dion tratu onari buruz ere mintzatu dira eskoletan.
Nerabeei dagokienez, Urretxu-Zumarragako Gazte Bidean gunean eta Legazpiko Gazte Txokoan sentsibilizazio eta tailerreko ekintzak egingo dituzte, bide batez, mankomunitateko berdintasun sailak antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko gonbitea egingo diete.
Beldur Barik kanpainan bailarako gaztetxoen parte hartzeari azpimarra berezia egin zioten. Izan ere, aurtengo bideo lehiaketara aurkeztutako lanak «ugariak eta kalitate onekoak izan dira». Data itxi gabe dago oraindik, baina sari banaketa abenduaren 15a inguruan izango dela aurreikusi zuten atzo; ekitaldia Zumarragan izango da. Euskal Herriko Beldur Barik topaketa Eibarren (Gipuzkoa) egingo dute eta autobusez joateko izena eman daiteke honezkero
beldurbarik.org webgunean.
EGITARAUA
Urretxu-Zumarraga
· Ostirala. Al Amal emakume musulmanen elkarteak antolatuta, ‘Emakume musulmana beloaren gainetik’ hitzaldia egingo du Hajar Samadik, 17:30ean,?Zelai?Arizti kultur etxean.
· Larunbata. Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea, 12:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan.
· Larunbata. 19:00etan,?Urola Garaiko?Koordinadora Feministak deitutako ekitaldia, Emakumeen Plazan.
Legazpi
· Larunbata. 21:30ean, ‘Volar’ filma, Latxartegi aretoan.