Mihiaren kontzientziari, kosk
Goierritarren hamarretik zazpik badaki euskara —lehen hizkuntzatzat %42k dute—. Baina etxean, dakitenen %33k bakarrik erabili ohi du. 'Herri euskaldun' guztiak ez dira 'arnasgune', bestetik.

Euskararen paparazziak lehiaketako sari banaketa egin zuten atzo Zumarragan, Euskararen Egunaren atariko.
Euskararen indize altuena duten herriak Gaintza (%93,7), Zerain (92,7), Gabiria (90,6), Arama (90,4) eta Ataun (90,2) dira —2011ko ikerketa soziolinguistikoaren arabera—. Gainontzekoek 90etik beherakoa dute. Baxuena, berriz, Zumarragak (%57,3), Olaberriak (64,3), Beasainek (66,2), Ordiziak (67,7), Legazpik (67,8) eta Urretxuk (68,1). Beste guztiek 70etik gorakoa dute.
Bestetik, kaleko erabilera ere neurtu dute Uema-ko kide diren herrietan, tartean Goierriko zazpitan (12 dira kideak, denera). Kalean euskara gehien Ataunen erabiltzen da, aztertutako udalerrien artean: %91,5. Seguran hurrena (89,7), Zaldibia (88,8) eta Ezkio (88,6) gertutik direla. Itsasondok (81,8) eta Zerainek (81,2) ere indize altua eman dute erabileran (80tik gorakoa da altua). Ez horrenbeste Legorretak, %67,1eko kale erabilerarekin.
Hiru udalerritan (Ataun, Segura eta Zaldibia), kaleko erabilera euskararen indizea baino altuagoa da. Horretarako, haurren presentzia giltzarria da. Umeak tarteko direnean, euskaraz gehiago aritzen dira beste adin taldeak ere.












