Beasaingo Udalak, eta Goxara, CAF eta Orkli enpresek Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen Bikain Euskara Kalitate Ziurtagiriak jasoko dituzte gaur Bilboko Euskalduna jauregian
Beasaingo Udalak, eta Goxara, CAF eta Orkli enpresek Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen Bikain Euskara Kalitate Ziurtagiriak jasoko dituzte gaur Bilboko Euskalduna jauregianEsparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatu eta aitortzen du Eusko Jaurlaritzaren Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak. Goierriko enpresen artean ugaltzen ari den ziurtagiria da eta gaur, Bilbon, beste lau enpresek eta erakundek jasoko dute: Beasaingo Udalak Goi Mailako ziurtagiria, eta CAF, Goxara SL eta Orkli enpresek Erdi Mailako ziurtagiria.
Beasaingo Udalaren kasuan, 1990. urtetik udal barruan egin den lanaren emaitza da ziurtagiria, Aitor Aldasoro alkatearen esanetan. Gainerako alderdi politikoei eskerrak eta zorionak eman dizkie, bide horretan «bakoitzak egin duen lanagatik».
Beasaingo Goxara S.L. laguntza zerbitzuak ere lehenengo aldiz jasoko du euskararen kalitatearen ikurra. Beasainen, Zumarragan, Seguran eta Villabonan etxez etxeko laguntza zerbitzua eta Beasaingo eta Ordiziako eguneko zentroetako zerbitzuak eskaintzen ditu Goxarak. Amaia Aialak eta Leire Hernandezek adierazi dutenez, kalitatearen arloan beste hainbat ziurtagiri lortu dituzten bezala, euskaran ere kalitate ziurtagiria eskuratzeko apustua egin dute, «naturaltasunez» euskaraz lan egiten baitute: «Gure egunerokotasunean euskarak presentzia handia du. Orain, ofizialki ziurtagiri bitartez bermatu dugu», nabarmendu dute.
Kanpo ebaluazioaren arabera, Goxararen indargunea, zuzendaritza taldeak duen euskararekiko sentsibilizazio eta motibazio handia da; ahulgunea edo hobetu beharrekoa, berriz, «langileen euskara maila hobetzea edo areagotzea». Barne mailako dokumentazioa euskaratzeko urratsak egiten ari dira. Langileei begira, berriz, sentsibilizazioa bultzatzen eta euskara ikasi eta hobetzeko tresnak sortzen ari dira, besteak beste, hiztegia sortuz, bideoak interaktiboak eginez. «Etxera joatean lehenengo agurra euskaraz egitea proposatu diegu euskaraz ez dakitenei».
CAFek eta Orklik 2008an lortu zuten Oinarrizko Mailako Bikain ziurtagiria, eta aurten, puntuazioa igota, Tarteko Mailakoa jasoko dute. Joxe Begiristain CAFeko euskara arduradunaren esanetan, euskararen normalizazioan aurrerapausoak egin dituztela esan nahi du puntuazioa igotzeak: «Garbi dago, urte pilo hauetan asko aurreratu badugu ere, are eta gehiago da oraindik egiteko duguna». Kanpo ebaluazioren ondorioak ere kontuan hartuta, CAFen hasiak dira datozen 4 urteetarako Plan Estrategikoa zehazteko zirriborroa prestatzen.
Orkliko Andoni Zubeldiaren esanetan, «erabateko bikaintasuna» eskuratzeko lanean behar dute oraindik, «horretarako kudeaketa arloan eman beharko genuke beste urrats bat».