Abenduaren 30ean Legazpiko tren geralekuan jazotako istripu ezin larriagoak agerian utzi ditu gunearen arriskuak. Ikuspen arazoak daude. Irtenbide beharra presazko egin du ezbeharrak
Legazpiarrek azken agurra egin zioten herenegun Idurre Aldabaldetreku gazte legazpiarrari. Tren geralekuan abenduaren 30ean jazotako istripu ezin larriagoak agerian utzi ditu geralekuaren arriskuak. Koldobike Olabide Legazpiko alkateak apeaderoaren egoeraz eta udaletik ematen ari diren urratsez ez zuen agurraren ondorenera arte hitz egin nahi izan. Atzo geralekuaren arrisku horiek aletu eta orain artean egin den lanketaren berri eman zuen, baita egiteko dagoenaz ere: «Herenegun goizean dokumentu bat bidali genion Renferi zein Adifi udalaren eta hunkituta dagoen Legazpiko herriaren izenean, berriro halakorik gerta ez dadin premiazko neurriak har ditzatela eskatuz».
Abenduaren 30ean, istripua jazo eta gero, Renfeko zuzendaritzako kide bat Legazpin izan zela esan du Olabidek: «Jakin badakigu aurretik ere lanean ari zirela, baina gertatutakoa gertatuta dagoeneko berandu gabiltza».
Istripu larriak agerian utzi duen arriskua ikuspen urriari lotuta dago. «Donostiako noranzkotik datorren trenetik jaitsi, eta trena irtetera doanean kontrako norabidean datorren trenaren gidariari ez dio ikusten uzten, ezta jaitsi diren bidaiariei ere», esan du alkateak. Zarata egiten du datorren trenak, baina antzeko zarata egiten du doanak ere. Geralekuko bozgorailuen bitartez trenaren etorrera iragartzen duten arren, zarata artean geralekuan bertan daudenek baino ez dute behar bezala aditzen.
Olabidek dioenez, aurreko urteko maiatzean Madrilen Adifeko zuzendaritzarekin bildu zen eta «arrisku horren kontzientzia hartzeko» eskatu zien. Datorren asteazkenean berriro doa Madrilera Adifeko lehendakariarekin elkartzera Renfek tren zerbitzuen kudeaketa egiten duen bitartean Adifek azpiegiturak egiten ditu. Legazpiko geralekua ikustera joateko konpromisoa hartu zutela adierazi du, «etorri ziren eta badakit hainbat alternatiba lantzen ari direla».
Datuak ere eman ditu alkateak. 2015ean lanegunetan 525 legazpiarrek erabiltzen zuten zerbitzua bi noranzkoetan eta orduz geroztik bidaiariak %16 igo dira. «Pertsona kopuruak gora egin duen bezala egin du gora arriskuak ere». Legazpik gaur-gaurkoz 8.500 bat biztanle ditu.
Udal gobernu ezberdinak irtenbide bila ibili dira. 2008ko Mugikortasun Planak nasa alderik alde igarotzea saihesteko proposamena jaso zuen. 2015ean Adifekin akordio bat itxi zuen udalak nasaren altuera igo eta trenekin bat etor zedin. «Gu udal gobernuan sartu ginenean neurri horrekiko adostasuna agertu genuen, baina behin betiko irtenbide gisa ez hartzeko eta nasa igaro ordez bestelako alternatibak aztertzen jarraitzea eskatu genion Adifi», adierazi du Olabidek. Alternatibak azpiko pasabidea, hirugarren lerro bat zeinak zeharkatzea ekidingo lukeen lerroak hasi eta buka egingo litzatekeelako.
Aurreko larunbateko istripuak modurik gordinean irtenbide beharra are presazkoagoa bihurtu du.