Bertsolari finalisten Ordiziako saioa apirilaren 15ean egingo dute
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistekin saioa egitekoak ziren urtarrilaren 6an Ordizian, Jakintza ikastolaren alde. Egun hartan botatako elurtea zela medio, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten ikuskizuna. Antolatzaileek sarrerak gordetzeko deia egin zieten bertara gerturatutako ikus-entzuleei, saioa beste data batean egingo zutela esanez.
Bertsolari finalisten Ordiziako saioak badu dagoeneko data berria. Apirilaren 15ean egingo dute, Majori kiroldegian bertan. Kartelean ere aldaketa bat izango da; agenda kontuengatik, Unai Agirrek ezin izan zuen urtarrilaren 6an etorri, eta Alaia Martinek hartu behar zuen haren tokia. Apirileko saioan ordea, BECeko zortzi finalistak izango dira Ordizian, Unai Agirre bera ere barne dela.
Sarrera erosi zutenek txartel berarekin izango dute saiora joateko aukera. Sarrera gehiago ere aterako dituzte, baina antolatzaileek aurrerago jakinaraziko dute non jarriko dituzten salgai.