Taldea 8-10 lagunek osatzen dute;. etorkinak dira gehienak. Integrazioa eta autonomia ere landu nahi dituzte. Baserri eta landa guneetarako beste proiektu bat ari dira lantzen
Beasaingo baratze publikoei izaera soziala eman nahi izan dio Beasaingo Udalak. Era horretan, langabezian eta okupaziorik gabe dauden pertsonei zuzenduta egotea lehenetsi du. Helburu hori lortzeko bidean, Caritasen Sarea Fundazioarekin ari da elkarlanean, «ezaugarri honetako pertsonak atzeman eta bertara inguratu ditzan». 8-10 laguneko taldea dagoeneko lanean hasita dago, Ihintza Barandiaran dinamizatzaileak gidatuta.
Lazkaoko mojetan 2012. urtean hasitako proiektuaren osagarria da Beasaingoa. Astearteetan 14 laguneko taldea Lazkaon elkartzen da, eskola teorikoa jaso eta egin beharreko lanak erabakitzeko. Egun horretan, gainera, mojen baratzean lantzen duten produktuz osatutako saskiak jasotzen dituzte. «Arrautzak ere banatzen ditugu, oiloak ere baditugu eta», zehaztu du Ihintza Barandiaranek. Beasainen urrats bat gehiago egingo dute aurrera: integrazioa eta autonomia lortzea. Barandiaranek argitu duenez, ostegunetan joaten dira Beasaingo baratzera lanera. «Beasainen goizetan joaten garenean inor ez dago baratzean, ordu txarra da harremantzeko. Orduan, aurretik lanak antolatu eta beraiek autonomoki, arratsaldean, ahal dutenean joaten dira lanak egitera, familian. Ardura hartzen dute eta proiektuaren parte sentitzen dira. Gainera, ahalbidetzen dugu bertako jendearekin harremantzea». Era horretan, Barandiaranentzat oso garrantzitsua da Beasaingo proiektua: «Garrantzia eman diogu integrazioa lantzeari. Lazkaon ez daukagu aukera hori, Lazkaokoa itxia da eta. Beasaingoa aisialdiarekin lotuta dago, familia osoak joaten dira. Aukera egokia da integrazioa errazteko».
Talde anitza
Udazkenean hasi ziren Beasaingo baratzeko lurra lantzen eta eguraldia lagun izan zutenez, neguko hainbat bat barazki lantzeko aukera izan zuten baratzaren zati batean; beste zatian, berriz, abonu berdea bota zuten, lurra ongarritzeko. Taldea anitza da, bataz beste, 30-40 urtekoa. Batzuk bertakoak dira, «Lanbidetik bideratutakoak, denbora luzeko langabetuak, edo tratamendua egokonkortuta duten gaixo mentalak baina lanik egin ezin dutenak, terapia moduan». Gehiengoa, ordea, etorkinak dira. «Iritsi berriak, hizkuntza arazoak dituzte eta diru laguntzarik gabe daude». Era horretan, lurra landuz, lanean ikasi eta etxerako janaria lortzen dute. Hiru urterako proiektua du Caritasek baratzeekin, «Gipuzkoara datozen etorkinek hiru urtean ez dutelako aldundiaren diru laguntzarik jasotzen».