Larunbatean jokatuko dute Argi Berri elkarteko mus txapelketa azkarra
Eskualdean tradizio gehien duen mus txapelketetako bat da Ordiziako Argi Berri elkarteak antolatutakoa. Sari nagusia 1.500 eurokoa izango da aurten ereGoierri eskualde osoan aski ezaguna den Ordiziako Argi Berri elkarteko mus txapelketa azkarra jokatuk...
Eskualdean tradizio gehien duen mus txapelketetako bat da Ordiziako Argi Berri elkarteak antolatutakoa. Sari nagusia 1.500 eurokoa izango da aurten ere
Goierri eskualde osoan aski ezaguna den Ordiziako Argi Berri elkarteko mus txapelketa azkarra jokatuko dute datorren larunbatean, hilak 10. Ibilbide luzea duen txapelketa da, eta aurtengoa 41. edizioa izango da. Iaz 94 bikotek hartu zuten parte, eta aurten ere parte hartze handia espero dute.Historia handia duten mus txapelketen artean dago Argi Berrikoa. Dena den, pareko beste batzuk ere badira Goierrin. Zaldibiako Zubi-Buruk antolatzen duena da guztietan zaharrena. Autengoa 43. edizio izango da eta aste pare bat barru jokatuko da. Beasaingo Arrano kultur elkarteak antolatutakoa ere jendetsuenetakoa da. Datorren martxoaren 10ean izango da.
Partida azkarrak
Mus azkarrak ez du esan nahi jokoa bera azkarra izan behar denik. Partida batek iraun ditzake bost minutu, edo hogeita hamar. Hori bai, galtzen duenak ez du berriz beste partidarik jokatuko, partida bat galtzean amaituko da haren ibilbidea txapelketan. Jokoaren arauei dagokionean, lau erregetara, sei hamarreko eta 3 ustelera jokatuko dute. Zozketa bidez jartzen dira lehiakideak, eta horrela hasten da txapelketa.
Sari potoloak
Mus txapelketa azkarreko lehenengo zortzi postuetan gelditzen diren bikoteek izango dute saria. Irabazleek 1.500 euro eta txapelak jasoko dituzte. Bigarren bikoteak 800 euro eta hirugarrenak 400 euro. Laugarren bikoteak, berriz, 200 euroko saria eramango du. Diruaz gain, bestelako sariak jasoko dituzte ondorengo sailkatuek. Bosgarren eta seigarren postuan gelditzen direnek arkume bana eta bina txuleta jasoko dituzte. Zazpigarren eta zortzigarren postuan gelditzen diren bikoteek launa afari irabaziko dituzte, Oteñe Erretegian eta Begiristain sagardotegian, hurrenez hurren.
Horrez gain, beste hiru sari ere banatuko ditu Argi Berri elkarteak. Elkarteko lehenengo bikotearentzat Tximista sagardotegian bi afari; herriko lehen bikotearentzat bi afari Kantoi tabernan, eta lehenengo emakume bikotearentzat Biñaspre lurrindegiko lote bat.