Loinatz Abesbatza eta Conductus Ensemble Orkestra elkarrekin ariko dira igandean 19:00etan, Andre Mari Zeruratuaren Parrokian. Sarrerak 10 euroan eros daitezke Mirentxu liburudendan
Loinatz Abesbatzak proiektu handia du esku artean: Mozartek idatzitako azken lana,
Requiema abestea. Conductus Ensemble orkestra eta lau bakarlari izango dituzte ondoan: Jone Martinez sopranoa, Adriana Meyer mezzosopranoa, Iñigo Vilas tenorea eta Jesus Garcia Arejula baxua. Igandean, 19:00etan, Andre Mari Zeruratuaren Parrokian izango da hitzordua.
Jon Aizpuruk irailean hartu zuen Loinatz Abesbatzaren zuzendaritza eta hainbat proiektu aztertu ondoren,
Requiema obra sinfoniko koralari heltzea erabaki zuten. Belen Callejok gogoratu duenez, «baina proiektua aurrera eramateko orkestra bat behar da eta Conductus Ensemblerena jo genuen, aurretik ere elkarrekin aritutakoak gara eta». Berehala jaso zuten orkestrako zuzendariaren, Andoni Sierraren, baiezkoa. «Azaroan proposamena luzatu zidatenean segituan baietz esan nuen. Loinatz Abesbatzarekin aurretik beste bi proiektu eginda nituen, azkenekoa abenduan. Banekien nola egiten duten lan, eta banekien Jonek ere nola egiten duen lan, eta segituan baiezkoa eman nuen. Plazer bat da». 80 bat lagunek hartuko dute parte igandeko kontzertuan. «Luxua izango da», diote protagonistek.
Atzegiren alde
Elkartasunezko kontzertua izango da igandekoa. Kasu honetan, Atzegi elkartearentzat izango da kontzertuko sarreren diruaren erdia. Callejok azaldu du horren zergatia:
«Requiemarekin omenaldi txiki bat egin nahi diegu 36 urteetan abesbatzatik pasatu direnei eta gure artean ez daudenei. Jose Luis Zaldua da horietako bat. Atzegirentzat eta abesbatzarentzat gauza handiak egin zituen Zalduak isiltasunean. Eta bere omenez egingo dugu».
Sarrerak Mirentxu liburudendan eros daitezke, 10 euroan. Atzegiko lehendakaria den Mitxel Lakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkio abesbatzari, Atzegiren aldeko kontzertua antolatzeagatik.
Igartza Musika zikloaren barruan kokatutako kontzertua da, eta Xabier Sarasolak nabarmendu duenez, «Igartza Musika zikloaren helburua kalitatezko gauzak eskaintzea eta Mozarten
Requiema horietako bat da. Igartza Musika zikloaren urteko programazioaren barruan, kontzerturik indartsuenetakoa izango da. Parte hartzen duen jende kopuruagatik, lau bakarlariengatik, orkestra, abesbatza… Luxu bat izango da».