Bertsolari gazteen Goierriko sariketetan lehendabiziko aldiz aurten parte harto du Txaber Altubek (Abadiño, Bizkaia, 1998). Aztirian aritu zen bigarren kanporaketan, eta Osinaldera sailkatzea lortu zuen. Bart, Gabiriako 47. Osinalde Bertso Saria irabazi du. Saioari goitik ekin zion, puntu erantzunetatik eta ofiziokako 8ko bi neurrietatik hasita. Eta gau guztian mantendu zuen maila, batzuetan arrazoi nahiz umore kolpe ederrekin. Kartzelan, Peru Abarrategi lehengusuarekin batera egindako jardunak goia jo zuen.

Txaber Altube bertsolaria, Osinalde elkarteko ordezkariarekin, 47. bertso sariketaren saria jasota./Aimar Maiz
Osinalde elkartea bete zuten entzuleek ere epaileen iritzi berbera izan zuten, Altube izendatu zuten onentzat euren sarirako. Bertsolari bati sari bat baino gehiago ez diotenez ematen, bigarren postuan geratu den Oier Etxeberria azpeitiarrak jaso du garaikur hori. Saioko bertso onenarena, berriz, Eli Pagola hernaniarrak, lehen puntuari emandako erantzunagatik: “zu gaurko plan hontan sartuko al zinake?” bukatu zuen gai jartzaileari emandako erantzuna, ohe-kontuen iradokizuna egin ostean.

Hiru bertsolari sarituak: Oier Etxeberria (2.a), Txaber Altube irabazlea eta Eli Pagola (bertso onena)./Aimar Maiz
Bertsolari guztiak ziren Osinalde sariketan debutariak. Orokorrean, denek kunplitu zuten. Aitor Servier azkaindarra, Asier Galartza muxikarra (urteak bete dituen egunean,
Zorionak zuri abestu diote) eta Peru Abarrategi aramaioarra ziren beste hirurak. Printza ederrak denek utzi zituzten. Eñaut Asurabarrena gabiriarrak jarri zizkien gaiak.
Urtero afal ondoren egiten den errifaren zozketan, hauek atera zituzten zenbaki sariduntzat: lehen saria 1.402, bigarren saria 964 eta hirugarren seria 647.

Seikotea gai jartzailearekin, saioa bukatutakoan./Aimar Maiz