Onfire taldeko emakumeek kudeatuko dute txosnagunea. Egitarau oparoa prestatu dute, gazteei egunez ere jaiak ospatzeko aukera emango diete. Feminismoa aldarrikatuko dute.
Onfire taldeko emakumeek txosnagunea kudeatuko dute aurten. Diotenez, «martxoaren 8ko ekintzen arrakastak eta legazpiarrek emandako erantzun onak» animatu zituen jaietan txosna ustiatzeko eskaera egiteko. Beste motibazio bat ere bazuten, «aspalditik sentitzen genuen herriko festak bakarrik gauez bizi ahal genituela, egunean zehar gazteei zuzendutako oso ekintza gutxi zegoelako». Motibazio bikoitza dute, beraz; aurreko mobilizazioaren arrakasta eta gazteei beste eskaintza bat egitekoa.
«Gazteei begira festa burujabe eta feminista egiteko ilusioa daukagu. Ez dugu nahi feminismoa osagarri gisa agertu dadin, txosnagune feminista sortzea baizik». Iazko jaietan Onfire taldekoek informazio puntu bat jarri zuten eta aurten urrats bat aurreratu eta txosnagunea hartu dute.
Txosna nola kudeatuko zuten pentsatzen ari zirela helburu bat ezarri zuten: Egun Morea antolatuko zuten. «Beste herri batzuetan egiten dute eta Legazpin sekula ez da egin», diote. Legazpiko lehenengo Egun Morea igandean ospatuko dute txosnagunean.
Jaia goizetik hasiko da. Bertso saio morea izango da bertan Bertso Olariak eskolako bertsolari neskek parte hartuko dutelako. «Ikustarazi nahi ditugu», diote. Bost bertsolari inguruk parte hartuko dute, gazteak denak.
Egunari jarraipena eman nahian bazkaria antolatu zuten, haragiduna zein beganoa aukeran izango dira. Gauerdian Nor da Nor jolasa egingo dute, «Oñatiko auzo bateko jaietan ikusi genuen. Familia-karten modukoak banatu eta ordu eta erdian zure karta berdina duena topatu behar duzu. Guk karta horietan emakumezko pertsonaiak jarri ditugu eta, bide batez, haien berri emango dugu». Kartetan Frida Kalho ipini dute eta Onfire taldea ere bai, «agian kanpotik datorrenak ez du jakingo nor garen». Jolasaren amaieran sariak banatuko dituzte.
«Emakume Sarearekin elkarlanean ari gara, laguntza behar dugunean eskaintzen digute eta azkenaldian egin ditugun ekintzen arrakasta, Sarearekin batu izanagatik ere gertatu dela uste dugu», azaldu dute.
‘Eskuarte protokoloa’
Txosnagunean erasorik gertatzen bada zer egin adierazten duen
Eskuarte protokoloa eskura ipiniko dute. «Guk egindakoa da, Gasteizko talde feministak egin zuena oinarri hartuta sortu genuen».
Azken garaian gauzak aldatzen baino gehiago «eboluzionatzen» ari direla diote. «Lehen gure adinekoen artean aritzen ginen, orain anitzagoa da adin-tartea eta eragiteko ahalmena handiagoa da. Jende gehiagorengana iristen gara, baina trabak ere izaten ditugu».
Txosna irekitzeko egun gutxi geratzen zirela izan dituzten traben nondik norakoa azaldu dute: «Larri ikusi gara udaletxeak txosna eskaera egiteko baldintzetan ez zeuden gauzak eskatu dizkigulako».
Arazoak arazo egin duten eta egiten ari diren lanarekin «oso harro» daudela diote, «sekulako lana egin dugu hau guztia antolatzen eta gutaz harro gaude».
Egindako horren guztiaren isla bihartik aurrera ikusiko da Legazpin, baita Onfire taldeak aurrera begira egiteko duen gaitasuna sumatu ere.