Orain 40 urte hasi zen Juan Joxe Agirre beneditar fraidea eta Lazkaoko artxibategiko arduraduna 'Gure aita'-ren euskarazko aldaerak biltzen. Ehundik gora ditu. Mundu osora zabaldu du ekimena, eta hor darraio.
Lazkaoko Beneditarren Fundazioko artxiboan, beste ondare eta bilduma aberatsen artean, bada Juan Joxe Agirre artxibozainak (Alegia, 1930) urtetan ondu duen sorta bat, oso bitxia:
Gure aita otoitza munduko 1.800 hizkuntzatan nola esaten den jasota dauka. Bilduma egiten 40 urte darama, eta azken boladan buru-belarri emana zaio atontzeari, bakoitzaren fitxa egiteari eta ordenatzeari.
Eliza Katolikoak liturgia latinez egiteari utzi, eta tokian tokiko hizkuntzetan hastea erabaki zuenean, euskaraz batasun gabezia izan zen arazoa. Luis Luziano Bonaparte euskalariak bildutako ondarea zegoen batetik. Agirrek, ordea, beneditarren komentuan duten dotrina bilduma garrantzitsua ere bazuen.
Euskaraz bakarrik, ehundik gora
Gure Aita ditu. Aldaerak dira, leku batetik bestera, edo apaiz batetik bestera zerbait aldatzen direnak. «Urdiainen edo Etxarrin, zer diferentzia!», dio Agirrek. Garaiaren arabera ere bai. Joanes Leizarragaren testamentu berriaren 1571ko itzulpenekoa da zaharrena —hika egiten dio jainkoari—. Baina «arraroena», Athanase Belapeyrek zubereraz idatzitakoa, 1696koa.
Duela 40 urte hasi zen Agirre jasotzen. Euskarazkoak ikertzeko, Euskal Herri osoko artxiboetara eta biblioteketara joan izan da, eta Bonaparte asko landu du.
Munduan zabalekoak, berriz, misiolariei eskatuta jaso ditu. Jerusalemgo komentu batean, munduko 154 hizkuntzatan dauden zeramikazko piezen argazkiak ere lortu ditu. Bi daude euskaraz han, 1903koa lehena. Horiek jasoz hasi zuen langintza.
Kontinenteka banatuta
Bost kaxatan bereizita ditu munduko 1.800 hizkuntzatako
Gure aita-k, kontinente bakoitzeko bana. Misiolariek bidalita, Bibliak ere ehun hizkuntzatan baino gehiagotan ditu, latinezkoak aparte utzita.
Guztiak apailatzen ari da orain, urtetan zaletasuna alboratuta eduki ondoren.
Beneditarren artxibora bisitak antolatu dituzte
Lazkaoko Beneditarren Fundazioak bisita gidatuak egingo ditu, asteburuan. Artxiboaren eraikina bera, sailak eta daukaten materiala erakutsiko dute: liburutegia, hemeroteka, kartelak, pegatinak, artxiboak…
Lazkaotarrei eta goierritar guztiei zuzenduta, bi bisita izango dira: ostiralean 18:30ean euskaraz, eta larunbatean 11:30ean gaztelaniaz.
Joan nahi dutenek, aurrez izena ematea beharrezkoa dute. Telefonoz hots eginda (943 88 87 81) edo mezu elektronikoa bidalita (lbf@lbf.eus) jakinarazi behar da.