Biloreren orbana garbitze bidean
Zaldibiako xaboi lantegi zaharra 27.375 euroan erosi dute, notaritza-subasta batean. Erosle-gai bakarra aritu da, burdingintza arlokoa. 23.200 metro koadroko orubea da
Eroslearen nortasunik ez da ezagutarazi. Zarauzko abokatu batek egin ditu bitartekari lanak, azken bi urteotan. Sekretu profesionalaren pean, ez du bere bezeroaren berri eman. Burdinera dedikatzen den enpresa bat dela, besterik ez da jakin ahal izan. Abokatuak egin zuen eskaintza, subastan.
Salmenta enkante elektroniko bidez egin da. Duela bi hilabete jakinarazi zuen Tolosako Epaitegiak azkenean aterako zuela. Hilabeteko epea egon da, asteleheneko 18:00ak arte.
Biloreren lizitazio prezioa 3.262.430 euroan finkatu zuen auzitegiak; Bilorek utzitako zorren artean, Gipuzkoako Foru Ogasunarekin zeukan zuloa (3,6 milioi) estaltzeko adina doi-doi. Baina 120 aldiz prezio baxuagoan hartu du pujatzaile bakarrak.
«Biltegia» jartzeko asmoa
Zaldibiako Udalarentzat «izugarrizko albiste ona» izan da Bilore saldu izana. «Bi urteko enpeinua jarri du udalak gai honekin», azaldu zuen Joxan Etxabe alkateak, atzo.
Zer erabilera eta irtenbide izango duen argitu behar da orain. Zaldibiako Hiri Antolamenduko Arauak behin betiko onarpenaren faltan daude, oraindik aldundiak ez duelako azken oniritzia eman. Biloreko orubea «tertziario misto» izendatuko du udalak; etxebizitzak eta industria uztar litezke.
«Bezeroak dio gauzak almazenatu eta hor edukitzeko behar duela, oraingoz. Ez doa industrigune berri bat eraikitzera. Deskontaminazioa erabatekoa izan beharko du, Eusko Jaularitzaren aldetik eskatuta. Bitartean, materialak almazenatzeko erabiliko du erosleak», dio alkateak.
Garbi utzi du Etxabek «industria garbia» izan beharko duela etorkizunean jarri beharrekoak.
Hondeamakinak «berehala» sartzeko asmoa ere agertu izan diote udalari. «Bide guztiak irekiko dizkiogu hori gerta dadin».













