Zaldibiako Mugertza enpresak erosi du Bilore lantegia
Zaldibiako Excavaciones Mugertza enpresa da xaboi fabrika zaharra eta orubea erosi dituena. Pareko Mugertza baserrikoak dira, eta haien soro zen. Garbitu egingo dute
Sorpresa bikoitza utzi du, azkenean, Zaldibiako Bilore xaboi lantegi zaharraren salmentak. Norbaitek erosi izana izan zen lehen berria; maiatzaren 21ean subasta itxi, eta pujatzaile bakarrak 27.375 euroan eskuratu zuela jakin zen. Atzo, jabe berria zein den jakinarazi zuen ofizialki udalak herri batzarrean, eta ezustekoa izan da hori ere: herrikoa bertakoa da eroslea, Excavaciones Mugertza SL enpresa.
Gutxik espero zuten eroslea Zaldibiakoa izatea. «Astelehenean deitu gintuzten, eta bezeroa ezagutu dugu. Sorpresa izan da, oso gertukoa delako», aitortu du Joxan Etxabe alkateak. «Pozik eta gustura» agertu da hargatik.
Gertuagokoa, ezin. Biloreren parean, errepidez beste aldean dagoen Mugertza baserrikoak dira erosleak. Excavaciones Mugertza Juan Jose eta Iñaki Mendizabal anaiena da. 1997an eratua, 11 langile ditu. «Txatarrak kudeatzera, burdin materialak berreskuratzera, eraikinak botatzera eta hondakinak birziklatzera» dedikatzen da. Bilore eraisketak eta garbiketak beharrezko duen sektorekoak, alegia.
Mugertza baserrikoak ziren lurrak
Beste lotura bat ere badute Mugertzakoek Bilorerekin, ordea: fabrika eraiki zuten lurrak beraienak ziren. Ordiziako Arana familiak erosi zizkion Mendizabaldarren aitonari, eta han eraiki zuten lantegia 1962an.
«Lotura sentimentala ere badute. Penatuta zeuden Biloreren egoera ikusita. Etxe parean izan dute urte askoan, eta haiek jasan dute. Sail hori berriz eskuratzea bizitzako ametsa zutela adierazi zigun abokatuak, eta lortu dute. Artasoro bihurtzea gustatuko litzaiekeela diote. Beren ilusioa, ama bizi den artean dena botata ikustea da. Sentimendu asko dago, eta asko poztu gara gu. Zein etorriko zen zalantzan geunden, eta lasaitua hartu dugu alde horretatik ere. Guretzat izugarrizko notizia ona da», esan dio alkateak egunkari honi.
Excavaciones Mugertza enpresak ez du adierazpen publikorik egin nahi, eta orain arte eraman duten «diskrezioarekin» jarraitu nahi dutela esan du. Beraien asmoa «Bilore erabat eraistea eta garbitzea» da, enpresaren ordezkari batek argitu duenez. Udalaren arabera, «bota eta makinaria gordetzeko biltegi gisa» erabiliko du erosleak, eta ez leukake asmorik industrigunea garatzeko eta pabiloiak altxatzeko.
Garbitu eta bota egin behar
Lan handia eta konplexua dago Biloren, oraindik. Lantegiaren jardueragatik, lur kutsatua da. Gai kimiko kutsagarrien hondarrak daude, nahiz eta jaurlaritzak 2009an, subsidiarioki, 62 tona hondakin atera zituen, isurketa eta pozoitze arriskuagatik.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari dagokio deskontaminazio lana gainbegiratzea. «Eraisketak badauka garrantzia, baina baita gai kutsatzaileek ere, nola eta nora eramango diren jakiteak. Ingurumen Sailarekin hartu-emanean jarri gara udaletik; bai botatzen, bai garbitzen, jabe berriari lagundu behar zaiola esan diegu. Udala laguntzeko dago», dio Etxabek. Ura eta argia jarriko ditu, besteak beste.
Eraisketarako proiektua egin beharko da. Urte erdia eramango du horrek, udalaren arabera. Silo handia botatzea da kezka handiena eragiten duena, garita eta biak elkar eutsiz baitaude.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.