Ostiralean hasiko da junior mailako txirrindularien 29. Gipuzkoako Itzulia. Ohi bezala, aitzinetapa erlojuaren aurka, eta beste hiru etapa izango ditu. Aurten, itzuliak Goierriko izaera nabarmena izango du, lau jardunaldietatik hiru bertan baitira.Aitz...
Gipuzkoako Itzuliko tropela iaz, Olaberriko Ihurre auzoan barrena. // A. Apalategi
Ostiralean hasiko da junior mailako txirrindularien 29. Gipuzkoako Itzulia. Ohi bezala, aitzinetapa erlojuaren aurka, eta beste hiru etapa izango ditu. Aurten, itzuliak Goierriko izaera nabarmena izango du, lau jardunaldietatik hiru bertan baitira.
Aitzinetapa Zegaman jokatuko da, etzi. Erlojuaren aurka, 1,2 kilometroko ibilbidea izango dute. Lehen txirrindularia 17:45ean irtengo da, eta minutu erdiro jarraituko dute besteek. San Martin kaletik abiatuko dira, Andraitz kalera hartu, Zupurrutiko zubitik Alderdi Ederrera segi, eta Arrieta auzoko Murgizelai gainean bukatzeko.
Olaberrian larunbatean
Errepideko beste hiru etapen artean, lehena eta hirugarrena Olaberrian eta Seguran antolatuko dituzte, hurrenez hurren. San Joanekin bat egingo du. Bigarrena Andoainen da, jaian.
Olaberrian, larunbatean, 75 kilometroko ibilbidea dute. Lierni bi aldiz igoko dute (Ormaiztegi aldetik), Gabiria behin (Alegiatik), eta Olaberria bitan, azkenekoan helmugaratzeko. 10:30ean hasiko da, eta 12:15ean amaitu.
Itzuliko saio luzeena Andoainen jokatuko dute, igandean, 92 kilometrokoa. Andazarrate eta Xoxoka, biak 2. mailakoak, gaindituko dituzte, azken 25 kilometroen barruan.
Seguran bukaera
Astelehenean, ekainak 25, Segura-Segura 3. etaparekin amaituko da Gipuzkoako Itzulia (88 km). Segura-Zegama artean hiru joan-etorri egin, eta Lierni hiru aldiz, Zerain (Segura aldetik) eta Mutiloako Ergoene (meategi aldea) dituzte mendateak, etaparen bigarren zati menditsuan.
Segurako plazatik 16:00etan irtengo dira txirrindulariak, eta 18:10ean da helmugaratzea.