Txirrindulari Elkarteak irakurriko du gaur pregoia. 2018ko Kuadrillen lehiaketan 22 taldek eman dute izena. Aimar Olaizolak Seguran jokatuko du lehenengo aldiz
Gaur, 20:00etan, Zopa Pertzaren jaitsierak eta Segurako Txirrindulari Elkarteak irakurritako pregoiak emango die hasiera aurtengo Segurako San Joan jaiei, mozorroak oinarri direla. 1977ko azaroaren 30ean sortu zuten elkartea, herrian txirrindularitzarako zaletasuna bultzatzeko helburuarekin. Sei lagunek eta 50 bat laguntzailek osatzen dute taldea, eta txirrin- dulari probak antolatzeaz gain, herrian egiten diren ekintzetan laguntzen dute, batik bat, zirkulazioa antolatzen. Urtero antolatzen dituzten lasterketak honokoak dira: maiatzean, Santakrutzetan, Jabier Ormazabalen omenezko jubenil mailako proba, eta sanjoanetan, jubenil eta afizionatu mailako lasterketak. Aurten lehenengo aldiz, emakumezko kadeteen proba antolatu dute.
Pregoiaren aurretik dena den, beste bi ekintza ere izango dira gaur: 18:00etan Akerbeltz eta Herensuge gorria buruhandi berriak aurkeztuko dituzte eta bestetik, Baratze pilotaleku ondoko kantxan, futbito txapelketako finala jokatuko dute Lokal Gu-nners eta Old Blacks taldeek.
Kuadrillen arteko lehiaketa
2018ko kuadrilla lehiaketa ere gaur bertan jarriko da martxan, mozorro lehiaketarekin. San Joan jaietan herritarren parte hartzea indartzea eta kuadrillen arteko harremanak bultzatzea helburu duen lehiaketan 22 kuadrillek eman dute aurten izena eta proba desberdinetan parte hartu beharko dute. Bihar, 13:00etan, alpargata saskiratzea, eta txapel eta penalti jaurtiketak egingo dituzte; eta 19:30ean, Iñigo Etxenikek gidatutako kantu lehiaketa. Jarraian banatuko dituzte sariak.
San Joan suari dagokionean, aurten bada berrikuntza bat: suaren inguruan akelarrea egingo baitu adin desberdinetako segurarrek.
Igandean, berriz, kirola izango da protagonista: batetik, 13:00etan, herri kirolak, eta bestetik, 18:00etan, profesionalen pilota partidak. Lehenengo aldiz, Aimar Olaizolak jokatuko du Imazekin batera, Arteaga II.aren eta Albisuren aurka; 15 euro balio du sarrerak. Herriko kirolari onenei ere sariak banatuko dizkiete herri kirol saioaren aurretik.
Bertso saio musikatua
Aurtengo festetako beste berrikuntza bat,
Ez da kasualitatea izeneko bertso saio musikatua izango da; igandean da, 18:30-ean, Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Alaia Martin bertsolariak, Gari Otamendi musikaria eta Amaia Agirre jartzailearekin.
Eskulan erakusketa
Bestalde, bihar eta etzi, Ardixarra etxean, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era, Laiotz Herri Eskolako ikasleen eskulanak eta pintura ikastaroan egindako lanak ikusgai egongo dira.
Autobus zerbitzuari dagokionean, gaurtik astelehera bitartean, autobusaren geltoki bakarra Germanenean izango da.